NAIZ
GASTEIZ

EAJk eserleku bat gehiago lortuko luke A10ean eta Elkarrekin Podemosek bat galduko luke

Lakuak argitaratu duen azterlanaren arabera, EAJ lehenengo indarra izango litzateke EAEn azaroaren 10ean izango diren hauteskundeetan, eta zazpi eserleku lortuko lituzke. Elkarrekin Podemosek bat galduko luke. EH Bilduk eta PSEk launa eskuratuko lituzkete, eta PP berriro ere ordezkaririk gabe geratuko litzateke.

Hauteskunde egun bat. (Endika PORTILLO / FOKU)
Hauteskunde egun bat. (Endika PORTILLO / FOKU)

EAJk zazpi eslerleku izango lituzke Madrilgo Kongresuan, EH Bilduk eta PSEk egun dituzten laurak mantenduko lituzkete eta Elkarrekin Podemosek bat galduko luke, hiru eserleku eskuratuta. PPk ez luke ordezkaririk lortuko EAEko hiru herrialdetan. Hala dio Lakuak argitaratu duen azken azterlanak, azaroaren 10ean izango diren hauteskundeen aurreikuspena jasotzen duenak.

Aldaketa bakarra Bizkaian gertatuko litzake, bertan Elkarrekin Podemosek eserleku bat galduko luke, eta jeltzaleek bat gehiago irabazi, lau  diputatu lortuta herrialde horretan. PSEk bi lortuko lituzke. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek bana izango lukete.

Araban ez litzateke aldaketarik izango azaroaren 10ean. EAJ lehengo indarra izango litzateke, PSE bigarrena, Elkarrekin Podemos hirugarrena eta EH Bildu laugarrena. Apirileko agertokia errepikatuko litzateke eta PPk ez luke ordezkaririk lortuko. Eta gauza bera gertatuko litzateke Gipuzkoan: EAJk eta EH Bilduk bina ordezkari eta PSEk eta Elkarrekin Podemosek bana.

EAEko hauteskundeak

EAEko hauteskunde autonomikoetarako boto aurreikuspenari dagokionez, EAJ lehengo indarra izango litzateke eta, Lakuak argiratu duen txostenaren arabera, 30 eserleku izango lituzke Gasteizeko Legebiltzarrean. Araban zortzi eserleku eskuratuko lituzke EAJk, Bizkaian hamabi eta Gipuzkoan hamar.

EH Bildu bigarren indarra izango litzateke, 17 legebiltzarkiderekin. Hirugarrena PSE izango litzakete, hamabi ordezkarirekin, eta laugarrena Elkarrekin Podemos, bederatzi eserlekurekin. PPk zazpi lortuko lituzke eta Ciudadanos eta Vox Gasteizko Legebiltzarretik kanpo geratuko lirateke, orain arte bezala.