Ane URKIRI
Orozko

Orozkoko Artiach enpresak kaleratu dituen sei langileak berronartzeko eskatu du LABek

Orozkon kokatua dagoen Artiach enpresako zuzendaritzak sei emakume kaleratu dituela ohartarazi du LABek. Langile hauek urte asko zeramatzaten bertan lanean, behin-behineko kontratuen bitartez, eta Lan Ikuskaritzak eskatu zion zuzendaritzari langile mugagabe izan behar zutela.

Orozkoko Artiach enpresako langileen elkarretaratzea faktoria aurrean. (Marisol RAMIREZ / FOKU)
Orozkoko Artiach enpresako langileen elkarretaratzea faktoria aurrean. (Marisol RAMIREZ / FOKU)

Iazko maiatzean salaketa jarri zuen LABek, Orozkoko Artiach enpresan behin-behinekotasun tasa handiari aurre egiteko asmoz. Lan Ikuskaritzak ebatzi zuen aldi baterako enpresen bitartez lanean zeuden zazpi langileak mugagabe bilakatu behar zirela eta LABek ohartarazi du horietatik sei kaleratu egin dituela zuzendaritzak.

«Batzuei kaleratu eta beste batzuei ez die gehiago deitu», adierazi dio NAIZi sindikatuko ordezkari Tamara Martinek, fabrika kanpoan bi orduko elkarretaratzea egiten ari ziren bitartean. Langile hauek berronartzeko eskatzen du sindikatuak.

Zehaztu dutenez, kaleratzeak modu ezberdinean egin dira. Batzuk une horretan kontratua indarrean zeukaten, eta beste batzuk lanera itzultzeko deiaren zain zeuden. «Kontratua indarrean genuenoi gutunak bidali zizkiguten gurekin kontatzeari uzten ziotela esanez, ‘alperrak’ ginelako. Higuingarria da, 17 urte daramagu alferkerian ala? Sekulako gezurra da hori».

Bestalde, kontratua indarrean ez zutenekin ere kontatzeari utzi zioten: «Aldi baterako laneko enpresak lan gutxi zegoenaren aitzakia jarri zigun. Udako lana aurre-jubilatuek egingo zutela esan ziguten, orain arte egin ez dutenean. Horrez gain, aldi baterako beste langile batzuei ere deitzeari utzi diote, errepresalia gisa».

Muga gainditu

Aldi baterako laneko enpresetatik eginiko kontratazioak hitzarmenean jasotako langa gainditzen duela zehaztu du –hitzarmenean %10eko tasa dago finkatua– eta zazpi langile hauen kasuan urte asko zeramatzaten enpresan lanean, sei eta hamazazpi urte artean, zehazki.

Egoera larritzat jo du sindikatuak eta langileek osatu duten oharrean nabarmendun dute «edozein ordutan deitzen» zietela, «eta gu beti geunden lan egiteko prest, batzuetan lan-txanda hasi baino ordu eta erdi lehenago deitu izan gaituzten arren. Batzuetan bajak betetzeko kontratuak egiten zituzten, baina gero baja horretatik harago zihoan edozein lan eskatzen ziguten edo, egunaren arabera, etxean geratzeko esaten ziguten».

Epaiketak

Egoera honen aurrean, epaitegietara jotea erabaki dute langileek. Bihar, asteartea, hasiko dute kaleratze hauen aurkako epaiketa. Bi egingo dituzte aurreneko egun honetan; «garrantzitsuak izango dira», dio Martinek. Gainontzeko saioak urtarrilean egingo dira. Udan, Lan Ikuskaritzaren ondorioen aurrean, «adiskidantzako» saioak edo egintzak iragarri zituzten, baina Martinek zehaztu du zuzendaritza ez zela agertu ere egin. Honen arabera, zuzendaritzak bukaeraraino joko du berea lortzeko eta ez du uste akordiorik bilatzen saiatuko denik.

Ez da Orozkoko fabrika auzitara doan lehen aldia. Duela bi urte Bilboko epaitegi batek arrazoia eman zion Artiachek kaleratutako langileari, enpresak bidegabeki kaleratu zuelako. «Horrelako kasu asko daude, baina askotan akordioetara iristen dira, langileek beldurra dutelako», nabarmendu dute emakumeek.

Astelehen honetan eguerdiko 13.00etatik arratsaldeko 15.00rtara elkarretaratzea egin dute, LABek iragarrita, txanda ezberdinetako langileek bertaratzeko aukera izan dezaten. Sindikatuko ordezkari Tamara Martinek jakinarazi du gainontzeko sindikatuei eskatu zitzaiela bat egiteko baina ez dutela egin: «Hurbildu dira delegatu batzuk, baina ez sindikatuen izenean». UGTk du gehiengoa Orozkoko Artiachen, ondoren ESK eta ELA, eta LABek du ordezkari gutxien.