Amalur ARTOLA

‘Bertsolaritza feminismotik (bir)pentsatzen’ liburua argitaratu du Udako Euskal Unibertsitateak

2018ko ekainean UEUren udako ikastaroen barruan ondutako mintegiaren emaitza da ‘Bertsolaritza feminismotik (bir)pentsatzen’ liburua. Ane Labaka Mayoz eta Miren Artetxe Sarasolak koordinatuta, liburuak hamasei autoreren gogoeta eta analisiak biltzen ditu.

Ane Labaka eta Miren Artetxe, aurkezpenean. (Juan Carlos  RUIZ | FOKU)
Ane Labaka eta Miren Artetxe, aurkezpenean. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Iazko ekainean UEUren udako ikastaroen barruko ‘Bertsolaritza genero-ikuspegitik’ ikastaroak izandako «arrakastaren» aurrean, bertso-munduan feminismoari bide egiten jarraitzeko ahaleginean argitaratu du UEUk ‘Bertsolaritza feminismotik (bir)pentsatzen’ liburua.

Ane Labaka Mayoz eta Miren Artetxe Sarasolak koordinatu dute agerkaria eta, oinarri duen ikastaroak bezalaxe, eztabaidarako eta gogoetarako materiala sortzea du helburu, gaur goizean Donostian egin duten aurkezpenean azaldu dutenez.

Hitza hartuta, Labakak «egin diren eta egiten ari diren zenbait ikerketari ikusgarritasuna ematearen garrantzia» jarri du mahai gainean eta, era berean, eztabaidarako eta gogoetarako material berriak sortzea ere beharrezkotzat jo du, horiek izango baitira gerora etorriko diren hausnarketa berrien abiapuntu. 

«Irakurketon oihartzuna da askori heltzen ez zaiguna, eta liburu honetan hotsen iturburuetara jo nahi izan dugu: bertso-mundua feminismotik aztertzen duten hainbat gogoeta-lan interesgarri dira hemen bildutakoak, entzun nahi dituenarentzat irakurgai», nabarmendu dute.

Zehazki, hamasei autoreren artikulu bana biltzen ditu argitalpenak: Izar Alguero, Uxue Alberdi, Maider Arregi, Miren Artetxe, Maite Berriozabal, Mari Luz Esteban, Jone M. Hernandez, Nerea Ibarzabal, Oihana Iguaran, Ane Labaka, Carmen Larrañaga, Maialen Lujanbio, Maite Martinez, Elixabete Perez, Iratxe Retolaza eta Harkaitz Zubiri.

Bakoitzak alor batetik helduko dio gaiari, hasi emakume ahotsek «esan ezin dezakenetik» eta gai-jartzailearen eragineraino, tartean bertsolariaren ahotsean begia jarriz eta azken 30 urteetako txapelketa nagusietako finalen errepasoa eginez.

Autore gehienak bertsolaritzaren inguruan dabiltzanak badira ere, kanpoko begirada bat ere eman nahi izan zaio gaiari eta bide horretan datoz Mari Luz Estenan eta Iratxe Retolazaren ekarpenak. Lehenak, antropologia feministan erreferentea, zenbait kontzeptu planteatu eta galdera berriak ekarriko dizkio irakurleari eta, Retolazak, bere aldetik, literatura idatziarekin egingo du alderaketa.

Liburua Udako Euskal Unibertsitatearen (UEU) dendan eskura daiteke.