NAIZ

Ezagutza jendarteratzea du etorkizuneko erronka Euskaltzaindiak

Digitalizazioaren bidea egin nahi du urratsez urrats Euskaltzaindiak datozen ehun urteean, aurreko mendean bildutako jakinduria gizarteratzea helburu hartuta.

Andres Urrutia artxiboko irudian. Azkueri omenaldia egingo dio Euskaltzaindiak. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Andres Urrutia artxiboko irudian. Azkueri omenaldia egingo dio Euskaltzaindiak. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Ehun urteko bidea egina du eta datozen ehun urteetako bideari begira jarri zaio Euskaltzaindia. Arduradunek garbi dute, etorkizuneko erronka orain arteko ezagutza jendarteratzea da eta horretarako digitalizazioari heldu beharko zaio.

Andres Urrutia euskaltzainburuak Euskal Herri osoan ospatu berri diren ekitaldien balantzea egin du. «Euskaltzaindiak betebehar nagusia du, bildu duen ezagutza jendarte osoarengana zabaltzea, euskararen erabilpena egunerokotasunean txertatzeko. Horretarako, erabilpenean dituzten zalantzak argitzeko tresna baliagarriak jarri behar ditu haien eskura».

«Hori lortuz gero, betebehar nagusia lortuko dugu eta hala ez bada, gure lana hutsean geratuko da», adierazi du.

Era berean, web orriaren berrikuntzaren berri eman du, baita sare sozialetan hedapenean egiten ari diren ahaleginarena ere. 8.600 jarraitzaile dituzte gaur egun. Gauzak horrela, azken urtean %106 igo da erabiltzaile digitalen kopurua eta web orriaren bisitak %66 hazi dira. Guztiz positibotzat jo du Urrutiak alor honetan egindako esfortzua.

Gaur emandako datuen arabera, denera 10.400 pertsonek parte hartu dute ospakizunetan. «Ez gara historiari begira bakarrik jarri, etorkizunerako apustua egin dugu», nabarmendu du.

Bere buruari begira dagoena baino, nazioartean inguruko hizkuntzekin harremanetan dagoen hizkuntza da euskara, bere esanetan. «Euskara elementu garrantzitsua izan daiteke hizkuntza eta kultura aniztasuna duen jendartean eta gizarte kohesiorako faktore garrantzitsua izan daiteke».

Akademia beraren eredua eta egunerako jarduna ere ez da duela 100 urteko hura. «Ez da kide guztiak hilean behin biltzen ziren hura, egunero lan egiten duen Euskaltzaindian pentsatu behar da», gaineratu du.

Amaitzeko, abenduaren 20an Lekeition Resurreccion Maria Azkueri egingo zaion omenaldia iragarri du. «Berari zor diogu gaur gu hemen egotea, gerraondoa bezalako une zailetan Euskaltzaindiaren bizirautea bermatu beharra izan baitzuen».