NAIZ

Alerta laranja ezarri dute Bizkaian ostegun goizera arte, prezipitazio iraunkorrengatik

Gaur egun osoan eta bihar espero diren prezipitazio iraunkorrak direla-eta, Lakuako Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu du Bizkaian, arratsaldeko 18.00etatik ostegun goizeko 6.00etara. Araban eta Gipuzkoan abisu horia ezarri dute. [Eguraldiari buruzko informazio guztia, hemen]

Ia Euskal Herri osoan euria egingo du gaur eta bihar. (Raul BOGAJO/FOKU)
Ia Euskal Herri osoan euria egingo du gaur eta bihar. (Raul BOGAJO/FOKU)

Lakuako Gobernuko Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu du Bizkaian, gaur arratsaldeko 18.00etatik ostegun goizeko 6.00etara, prezipitazio iraunkorrengatik. Prezipitazioak ugariak eta zenbait tokitan gogorrak eta ekaiztsuak izan daitezkeela ohartarazi du. Alerta indarrean dagoen orduetan 30 eta 50 litro metro koadro arteko ur pilaketak izan daitezke, nahiz eta alde handiak egon daitezkeen toki batetik bestera intentsitatean zein banaketan. 

Aldi berean, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, abisu horia ezarrita dago EAE osoan atzo arratsaldeaz geroztik prezipitazio iraunkorrengatik ostegun goizeko 9.00ak arte.

Euskalmet agentziaren arabera, prezipitazio iraunkorren eta ugarien egoera hori gainazalean depresio bat sortuko duen DANA baten ondorio da. Egoerak irauten duen denboran eta leku jakin batzuetan, Bizkaian probabilitatea handiagoa izanik, euri kopuru handiak pila daitezke, eta Segurtasun Sailak kontu handiz ibiltzeko gomendatu du.

Nafarroan ere euria iragarri dute datozen orduetarako, baina ez dute abisurik ezarri. Pirinioetan tarteka ekaitz erauntsiak izango dira. Gaur arratsaldetik aurrera prezipitazio gutxiago izango dela iragarri dute.