NAIZ
GASTEIZ

Azaroa emakumeei eskainiko die Artium museoak

Emakume artistek azkenaldi honetako artearen historia eta bertako erakundeetan duten presentzia azpimarratuko du azaroan, museoaren programazio berriaren hasieran. Bide horretan, erakusketa berri bat, hitzaldi bat, nazioarteko ikastaro bat eta eztabaida-foro bat antolatu ditu.


Elena Mendizabal artista donostiarraren arte lan bat. (Artium)
Elena Mendizabal artista donostiarraren arte lan bat. (Artium)

Duela urte batzuetatik hona, nazioarteko arte-zentro eta museo asko aritu dira eredu museografiko berri bat lantzen eta emakume sortzaileen lanak irudikatzeko eta hedatzeko narratiba historikoak zabaltzen, beren bildumak berriz irakurriz eta beren obrak termino paritarioetan erosiz.

Hausnarketa horretan ere parte hartu du museo gasteiztarrak eta marko horren baitan antolatu du azaroan abiatuko den programazioa berria. Artiumetik bertatik ohar bidez azaldu dutenez, programaren zeharkako ildoetako baten helburua bere definizioa berdintasunezko eta errespetuzko agertoki gisa sendotzea da. Artistek berek erakusketa-programan parte hartzeaz gain, topaketa eta aurkezpen espezifikoen antolamenduaren bitartez, beren obrak garatu diren baldintza historikoak berrikusiko dira.

Elena Mendizabal (Donostia, 1960) eta Itziar Okariz (Donostia, 1965) izango dira, besteak beste, Artiumen. Datorren azaroaren 8an ‘Eskultura’ erakuskera inauguratuko da, Mendizabalek ia bi harmarkadetan erakunde publiko batean egingo duen lehenengo bakarkako erakusketa izango dena, hain zuzen. Erakusketa honek egilearen 80ko hamarkadako eta 90eko hamarkadaren hasierako lanik adierazgarrienak berreskuratuko ditu.

Okariz Sergio Pregorekin batera (Hondarribia, 1969) egongo da. Elkarlanean arituko da, halaber, azaroaren 24an itxiko den 2019ko Veneziako Bienaleko Espainiako Pabiloian. Okarizek Artiumeko Artistak gurean programaren saio berri batean parte hartuko du azaroaren 13an, zehazki.

Ikuspegi feministak

Era berean, azaroaren 16an eta 17an, ‘Begirada feminista. Ikuspegi feministak ekoizpen artistikoetan eta artearen teorietan’ ikastaroaren 12. edizioa antolatu du.

Lehen eguna Maria Zambrano pentsalariaren obran aditua den Rosa Riusek emango duen hitzaldiarekin irekiko da. Artiumeko zuzendari Beatriz Herraezen eta Elena Mendizabal artistaren arteko solasaldia izango da ondoren, museoan zabalduko den erakusketaren inguruan. Amy Tobin Cambridgeko Unibertsitateko irakasleak eta Monica Bonvicini Berlingo Arte Ederretako Unibertsitateko artista eta irakasleak osatuko dute lehen jardunaldia.

Bigarren egunean Tourseko Unibertsitateko Artearen Historiako irakaslea den Giovanna Zapperik, Vienako Arte Ederretako Akademiako arte eta hezkuntza irakaslea den Elke Krasnyk eta Sanja Iveković artistak osatuko dute egitaraua.

Ikastaroa doakoa da eta izen-ematea derrigorrezkoa da. Dagoeneko izena eman daiteke, online Artiumen webgunean edota telefonoz, 945 20 90 20 zenbakian.