Haritz Larrañaga

Azaroaren 21ean erabakiko du epaileak Garroren zigor arintze eskaera onartzen duen

Parisko Fiskaltzak ez dio eragozpenik jarri Zigor Garro presoa eskumuturreko elektroniko batekin aske uzteko eskaerari. Behin betiko erabakia azaroaren 21ean emango du epaileak, baina egun horretan Fiskaltzak helegite berri bat ezar dezake. 2020ko maiatzean amaitzen du zigor osoa Oreretarrak.

Zigor Garro pasa den irailaren 25ean, ikastaro bat egiteko atera zenean.
Zigor Garro pasa den irailaren 25ean, ikastaro bat egiteko atera zenean.

Mont de Marsango espetxetik atera gabe eta bideokonferentzia bidez deklaratu du Zigor Garrok gaur arratsaldean egin dioten auzi saioan. Zigorra amaitu bitartean eskumuturreko elektroniko batekin kaleratua izateko eskaera egin zuen Oreretako presoak eta Fiskaltzak ez du kontrako jarreraik erakutsi.

Zigorraren Aplikazioen Epaileak adierazi duenez, azaroaren 21ean emango du azken erabakiaren berri. Horrela, baldintzapeko askatasuna onartzen badio eta fiskaltzak helegiterik jartzen ez badu, eskumuturreko elektroniko batekin bizitzeko dispositibo berezi bat jarriko lukete Garroren sendiak Hendaian duen etxean, eta zigorraren azken hilabeteak kalean egin ahal izango lituzke.

Fiskalak kontrako jarrerarik ez adieraztea ohikoa ez den arren, «zuhurtasunez» jokatuko dutela iragarri du Maritxu Paulus-Basurko abokatuak.

Oreretako presoak kalera ateratzeko bi aukera izan ditu orain artean. Pasa den uztailean egun bateko baimena eman zioten lan elkarrizketa bat egiteko, eta irailean ostera, ikastaro bat egiteko hiru eguneko baimena ukan zuen. Horrez gain, iazko otsailean bere amaren hiletan izan zen Zokoan.

Aurrekariak

Estatu frantseseko espetxeetan diren euskal presoen kasuan, epaileak baldintzapeko askatasuna eskaintzearen alde agertu diren auzietan prokuradoreak kontra agertu agertu dira, eta ondorioz, azken epaia ere baldintzapeko askatasuna ematearen kontrakoa izan da.

Horixe da, esaterako, berriki Xistor Haranburu edo Lorentxa Beyrie presoei gertatu zitzaiena, epailea aske uztearen alde agertu zen arren, prokuradoreak kontrako helegitea ezarri zuen, eta azkenen, epaia ere askatasunaren kontrakoa izan zen.

Ibon Fernandez Iradi

Datorren urriaren 30ean kaleratuko da Ibon Fernandez Iradi larriki gaixo dagoen presoaren gaineko epaia. 2011. urtean esklerosi anizkoitza diagnostikatu ziotenetik birritan eskatu dute bere askatasuna, baina beti ezezkoa jaso du.

Gaixotasun sendaezinak zituzten euskal presoen kasuan Terrorismoaren Aurkako Fiskaltzak zigorraren suspentsioak onartu zituen adibideak badira. Lorentxa Gimon, esaterako, 2016ko martxoaren batean atera zen kalera Chron eritasuna zuelako. Urtarrilaren 26an zendu zen Oier Gomez gasteiztarra, berriz, 2017ko apirilaren 26an utzi zuten aske, nahiz eta hasiera batean minbiziari aurre egiteko tratamendua zela eta ospitalean jarraitu behar izan zuen.