NAIZ

Behobiak bost desbideraketa gune jarriko ditu hauteslekuetara irisgarritasuna ziurtatzeko

Bi puntu Irunen daude eta beste hiru Donostian. Behar izanez gero, antolatzaileek ibilbidea moldatuko dute korrikalariak desbideratu eta hauteslekuetara doazen pertsonei pasoa emateko.

Korrikalariei ahal den neurrian laguntzeko eskatu die Fortunak (Juan Carlos RUIZ / FOKU)
Korrikalariei ahal den neurrian laguntzeko eskatu die Fortunak (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Aurtengo Behobia-Donostia lasterketa jendetsuak Estatu espainiarreko hauteskundeekin bat egingo duenez, Fortunako antolatzaileak jo eta ke lanean dabiltza probak ahalik eta eragin txikiena izan dezan ibilbideko hautesleku desberdinetan.

Hartu zuten neurrietako bat Behobia Gaztea bertan behera uztea izan zen, eta bigarrenaren berri gaur eman dute Donostiako udaletxean. Bertan jakinarazi dutenez, ibilbideko hainbat puntutan desbideratze edo bypass guneak egongo dira, behar izanez gero korrikalariak desbideratu eta hauteslekura doazen pertsonei bidea zabaltzeko.



Desbideratzeak bost lekutan egin ahal izango dira: bi desbideratze Irunen (1,5 eta 2,4 kilometroetan) eta hiru Donostian (16,5 kilometroan, 17,8an eta 18,5ean). Kasu batzuetan, desbideratzearen ondorioz, ibilbidea estutu egingo da, korrikalarientzat deserosoak eta nahasgarriak izan daitezkeenak. Horregatik, gune horietan arreta berezia jartzea eskatu zuten antolatzaileek.

Motz esanda, gomendioak hauexek dira: bete antolatzaileek emandako jarraibideak, moteldu eta egokitu pausoa ibilbide berrira, baina gelditu gabe, ez aurreratu beste parte-hartzaile batzuk desbideratzea atzean utzi arte eta ez sartu ohiko ibilbidean antolatzaileek hori egiteko esan arte.