Durangoko Azokaren ekosistema islatuko du 54. edizioaren kartelak

‘Osorik DA!’. Hauxe Durangoko Azokaren 54. edizioaren leloa, osagai guztiei erreferentzia egiten diena. Kartelaren egilea Oier Zuñiga iruindarra da eta Azokaren ekosistema osoa irudikatzen du.

NAIZ|2019/10/29
Durangokoazokakartela
Nerea Mujika, aurtengo kartelaren ondoan. (Marisol RAMIREZ / FOKU)

Durangoko Azokak 54. edizioko kartela eta ildo nagusiak aurkeztu ditu gaur Durangoko Andra Mari elizpean antolatutako prentsaurrekoan. Kulturaren plaza abenduaren 5etik 8ra ospatuko da, eta ‘Osorik DA!’ izango da bere lelo nagusia. Edizio honetako kartela Oier Zuñiga artista iruindarrak egin du, eta bertan Azoka osatzen duten osagai ezberdinak agertzen dira: sormena, salerosketa, hartu-emana eta abar.

Gaurko aurkezpenean, Gerediaga elkarteko eta Azokako guneetako ordezkariek hartu dute parte: Joxean Muñoz (Lakuako Kultura sailburuordea), Xabier Arauzo (Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendaria) eta Ima Garrastatxu (Durangoko alkatea). Babesleak ere egon dira. 

Gerediaga elkarteko presidente Nerea Mujikak aurkeztu du edizio honetako lelo nagusia. «Durangoko Azoka ekosistema berezi bat da. Gune, babesle eta eragile ezberdinen artean antolatzen da. Sortzaile, hartzaile, argitaletxe, autoekoizle, diskoetxe era bisitariok partekatzen dugu. Gazte, heldu, ume, ikasle, langile, erretiratu, kuadrilla... denona da. Literatura, musika, arte eszenikoak, ikus-entzunezkoak, kultura digitala... hori dena osotasun bat da. Durangoko Azoka osorik DA!».

Aurtengo edizioaren kartela ere ideia horrekin lotuta egongo da. Oier Zuñiga (Iruñea, 1986) artista da irudiaren egilea, eta, azaldu duenez, Azoka unibertso propio eta berezi bat da. «Durangoko Azokan hamaika dira batzen diren emozio, esperientzia eta bizipenak. Nor bera, bere izatetik murgiltzen da euskal sorkuntzaren plaza honetan. Gutako bakoitza, ideia edo inpultso ezberdinek mugituak lotzen gara azokaren unibertsora. Molekula txikienetik, masa handienera denon lotuneetan dago gakoa».

Kartelak lau zati bereizten ditu, eta bakoitzak Azokako ezaugarri bati erreferentzia egiten dio: burua (sormena), bularra (zabaldu-erakutsi), gerria (hartu eta eman) eta hankak (akzioa eta mugimendua). Baina ekosistema horretan, dena dago lotuta, konektatuta: «Azoka osorik DA!, ekosistemaren trantsizio guztiek osatzen dutena DA! Gu geu osatzen gaituena. Guk geuk osatzen duguna. Sortu, zabaldu, eman eta gozatu!».

Zuñiga pozik agertu da Durangoko Azokako kartela egiteko aukera izateagatik: «Euskal Herriko kultur sorkuntzak duen erakuslehiorik handiena da Durangoko Azoka eta honek ardura pixka bat sortu zidan. Hala ere, segituan jarri nintzen lanean, nire errealitatetik, nire testuingurutik, ardura horri behar duen lekua eginda baina bidearen oztopo jarri gabe. Horrela ulertzen baitut nik sorkuntza, leku berrien bila etengabean, zarenetik, ordu arte ibilitakoa kontuan hartuz eta nire behatze dorre txikitik ekarpena eginez».

Ikasle Goiza eta Sormen Beka

Gaurko prentsaurrekoa Durangoko Andra Mari elizpean antolatu da; izan ere hantxe egin ziren Durangoko Azokaren lehenengo edizioak. Nerea Mujikak gogoratu duenez, kulturaren plaza 54 urtez antolatu bada, etengabe garai berrietara egokitzen jakin izan duelako da. «Hasiera batean Liburu eta Disko Azoka zena, gaur egun ez da hori bakarrik: sormena da, zabaldu eta erakusteko lekua da, salerosketarako gunea da, euskal kulturaz gozatzeko plaza da».

Garai berrietara egokitzeko saiakera horren adibide da, esate baterako, Azokaren Sormen Beka. Iaz antolatu zen lehenengo aldiz, Durangoko Udalaren laguntzaz, eta aurten bigarren edizioa izango da. Beka honek euskarazko kultur produktu baten sorkuntza hasieratik amaierara garatzen laguntzeko helburua du, hasi ideiatik eta bere zabalkundera arte. Edizio honetako gaia musika da.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK

 

NAIZ KONTZERTUAK
TAOM / FOKU
Loading player...


NAIZ Kontzertuak ekimenaren bosgarren kontzertua eman zuen ETS taldeak pasa den ostiralean Bilboko Santana 27 aretoan.