naiz

Ochoa de Eriberen heriotza salatzeko mobilizazioa deitu du Sarek, larunbatean, Gasteizen

Duela lau hilabete geratu zen aske, larriki gaixo zelarik, Jose Angel Ochoa de Eribe euskal preso politikoa eta gaur zendu da. Heriotz hau «azkena izan dadila» aldarrikatu eta gaixo dauden presoen etxeratzea defendatzeko mobilizazioa deitu du Sarek, azaroaren 2an, Gasteizen. Sortuk ere babesa adierazi nahi izan die gertukoei eta heriotzak «samina eta amorrua» sortzen dituela azpimarratu du.

Jose Angel Ochoa de Eribe euskal presoa, igaro berri den uztailean askatu zuten baldintzapean gaixotasun larri bat zela eta. Gaur, hiru hilabeteren ostean, zendu egin da. «Gogor salatu nahi dugu zigorrerako eta mendekurako espetxearen erabilera eta abusua; berekiko ardura zutenen humanitate falta nabarmenduz, zeinaren ondorioz, askatasuna bere egoera klinikoa guztiz limitean zegoenean baino ez zioten eman».

Ochoa de Eribe 2000 urtean espetxeratu zuten eta 2015ean aurkitu zioten minbizia. Bere zigorraren 3/4enak 2016an bete zituela eta larriki gaixo egonda ere, espetxean mantentzea erabaki zuten. «Espetxe politikaren ohiko legediaren arabera, Jose Angelen bere gaitza etxean, baldintza duinetan, aukera guztiekin eta bere senide eta konfantzazko medikuen babesarekin artatzeko eskubidea zuen», defendatu du Sarek.

Honen aurrean, espainiar Gobernuari, «euskal presoentzat heriotza zigor bilakatzen den egoera honekin amaitzeko» exijitu dio Sarek, larriki gaixo diren presoak aske utziz, «beste preso batek Jose Angeli gertatutako jasan ez dezan».

Heriotz hau «azkena izan dadila» aldarrikatu eta gaixo dauden presoen etxeratzea defendatzeko Sarek, larunbat honetarako, azaroak 2, manifestazioa deitu du 17:00etan Gasteizen, Artium parean.

Sortu: «Ezin da berriro gertatu»

Ochoa de Eribe euskal preso politiko ohiaren heriotzak «samina eta amorrua» hedatu dituela adierazi du Sortuk. «Samina eragin digu, edozein heriotza mingarria delako. Baina sentipen hori are mingarriagoa zaigu espetxe-politikak hil duelako, Estatuak ez baitu gizalegez jokatu gaixotasun larri eta sendaezina zuen presoarekin. Hortik gure amorrua. Amaiera hau bestelakoa izan zitekeen. Ezin da berriro gertatu. Ezin dugu utzi», azpimarratu dute ohar baten bidez.

Ochoa de Eriberen gertukoei doluminak eta babesa eskaini nahi izan dio Sortuk. «Berandu detektatu zioten gaitza, eta berandu ekin ahal izan zion tratamenduari. Berandu askatu zuten, beranduegi. Gaixotasun larri eta sendaezina duten 21 presoen zerrendako bat zen Jose Angel, eta bera aske uzteko tramite eta gestioak ikaragarri zailak izan ziren», ekarri dute gogora.

Heriotz berri honen aurrean Berriz gaixorik larri dauden presoak «lehenbailehen» aske uztea «premiazkoa» dela gaineratu dute. «Pertsonen kartzelaldia luzatzeak haien bizi-itxaropena murrizten du. Azken urteetan euskal preso politikoen kopurua jaitsi egin bada ere, nabarmen hazi da gaixotasunen bat dutenen kopurua. Gaixorik den edozein pertsonak behar ditu arreta berezitua eta ingurune egokia, sendagaiez gain, are gehiago gaixotasuna larria edo sendaezina denean».

Zentzu horretan, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoak «premiaz» askatu beharko lituzketela azpimarratu dute, eta Txus Martin, Kepa Arronategi edo Ibon Fernandez de Iradiren kasuak ekarri dituzte gogora. 2019 honetan Juan Mari Maizkurrena eta Oier Gomez euskal preso politkoak ere hil egin dira. «Ez dugu nahi hiltzeko atera ditzaten: gaixotasunari aurre egiteko baldintzak eta denbora behar dituzte».