Arnaitz Gorriti

Sendo eta arazorik gabe, Lointek Gernika Bizkaia Zamaraten gainetik pasa da (82-56)

Aurreneko laurdenetik hasita azkeneraino, bizkaitarrek Zamorako taldea hankapean erabili dute. Bide batez, IDK Gipuzkoari ere egundoko mesedea egin diote.

Julie Wotjak, jaurtitzen eta jokoa banatzen, sekulako maisutasunez jokatu du. (Luis JAUREGIALTZO / FOKU)
Julie Wotjak, jaurtitzen eta jokoa banatzen, sekulako maisutasunez jokatu du. (Luis JAUREGIALTZO / FOKU)

Lointek Gernika Bizkaiak egundoko sendotasunez irabazi dio Quesos El Pastor Zamarat taldeari. Aurreneko minutuetatik hasita, bizkaitarrek nahi izan dute guztia egin dute, eta gainera errotazio guztia mugitu ahal izan dute, datorren astean Perfumerias Avenida eta Spar Gironaren aurkako neurketak gogoan. Bide batez, IDK Gipuzkoari ere mesede galanta egin diote gernikarrek, Zamarat uneotan donostiarren arerio zuzena baita, 1-6ko balantzeaz Emakumeen Endesa Ligako zuloan murgildua.

Akta digital delakoarekin arazo franko izan dira eta hargatik atzerapenez ekin dio neurketak, talde bien kalterako edo hobeto esanda, Zamaraten kalterako. Akordatzerako, ordu laurdeneko atzerapenak atzerapen, Gernika Bizkaia 10-0 aurreratu da eta Gaztelakoen hutsartea behartu du, izan ere markagailua baino ere nabarmenagoa izan da bizkaitarren nagusitasuna. Hau da, saskipean lortu ditu Gernika Bizkaiak bere aurreneko bost saskiraketak, eta kontraeraso pare bat ere kateatu ditu, aurkariaren erraztasunei esker.

Hutsarteak hutsarte, Zamaraten defentsa hutsaren hurrengoa izan da gernikarrentzat, eta erraz asko lortu dute aurkarien saskia zulatzea, beren baloi mugimendu arinari esker. Alabaina, bizkaitarren defentsa ere lokartu egin da apur bat eta McPhee eta Corneliusen puntuei esker partidan sartzea lortu du Zamorako taldeak, 19-2 atzetik egotetik, laurdenaren amaieran 24-13 «hurbiltzea» lortu baitu.

Behera egin du bizkaitarren intentsitateak bigarren laurdenean, baina abantaila lasai asko mantentzeko moduan izan dira Mario Lopezenak. Gaby Ocete antolatzaile titularra kantxara itzuli denean, gaionera, Gernikaren defentsak gorantz egin du berriro eta adea zabaltzea erdietsi dute Malostekoek, Margaret Roundtreeren eta Nikolina Milicen puntuei esker. Zentzu horretan, txalogarria izan da Rountreeren jarduna, astean zehar orkatilan min hartu duen arren –neurri baten, horrexegatik ez du oraindik Women Eurocup delakoan partidarik jokatu–, oso kementsu eta kontzertaturik jokatu ditu bere minutuak, eta hala puntu etorri polita ere pilatu du Ipar Carolinako hegal-pibotak. Hala, atsedenaldira partida ia erabakita dela iritsi da: 42-24.

Asteazkenera begira

Zamaratek erreakzionatuko ote zuen esperoan geratu dena, esperoan geratu atsedenaldiaren ostean ere. Lointek Gernika Bizkaiak, nahiz eta joan den asteazkenean partida jokatu; nahiz eta datorren asteazkenean Perfumerias Avenida indartsuaren aurkako partida zail askoa zain izan, aldea nahi izan duen moduan zabaldu du. Wotjak aurreneko erdian joka banatzea izan badu xede, hirugarren laurdenean puntuen zakua bapo gizendu du, aurkarien erraztasunei eta bizkaitarren kalitateari esker.

Bikoiztu ere egin ditu Gaztelakoak markagailuan,70-35, kasu. Gernika Bizkaiak 35 puntuko alde handiena lortu ostean, apur bat erlaxatzea erabaki du eta, bada, Zamorako taldeak aldea apurtxo bat murriztu du azkenengo minutuetan. Alabaina, Malostera hurbildutako zallek garaipen eroso eta eder askoaz gozatu ahal izan dute.