naiz
Durango

Oskar Matute: «PSOEk Franco desobiratu du eta orain Aznar berpiztu nahi du»

Durangon izan dira gaur Oskar Matute, EH Bilduren Bizkaiako zerrendaburua, eta Idurre Bideguren senataria. Gobernua desblokeatzeko subiranistak «ezinbestekoak» izango direla adierazi du hautagaiak. Agurainen, berriz, Iñaki Ruiz de Pinedok lehia PP eta bere artean kokatu du.

Durangon egin du agerraldia gaur EH Bilduk. (@ehbildu)
Durangon egin du agerraldia gaur EH Bilduk. (@ehbildu)

Oskar Matutek subiranismoak igandetik aurrera izango duen garrantzi erabakigarria azpimarratu du gaur arratsaldean Durangon, Idurre Bideguren senatariarekin batera egindako agerraldian. Bizkaiko zerrendaburuak adierazi duenez, «ezin da gobernura desblokeatu subiranistak kontuan izan gabe, apirilean bezala, giltza gure eskuetan izango delako berriro orain».

Matuteren hitzetan, kanpainan zehar «argi» geratzen ari da «espainiar Estatuko alderdi handiek demokraziaren aurkako beren erasoaldiarekin jarraitzen» dutela, salatu du Matutek, eta, horren ildotik, «eskuinaren programa politikoa erostea» leporatu dio Sanchez PSOEko hautagaiari, eskuinari erosi baitio «web orrialdeak ixteko turkiar erako dekretua, Puigdemont presidentea jazartzea eta Euskal Herrian erreferendumak egitea debekatzeko Aznarrek erabilitako lege bera». Finean, «PSOEk Franco desobiratu du eta orain Aznar berpiztu nahi du», erantsi duenez.

«Voxekoak dira Espainiako politikagintzaren orkestra zuzendariak, eta entzuten den musika No-Dotik atera dutela ematen du, Sanchez ere Vox markako politika egiten ari delako», salatu du Matutek. Horren adibide da, bere iritziz, «Errenterian manifestazio eskubidea praktikan jartzeagatik sei pertsona deklaratzera deitzea, Sanchezek fiskaltza bere jostailua bailitzan erabiltzen baitu», botere banaketaren oinarrizko printzipioa urratuta.

Idurre Bideguren: «EH Bildurena da boto abertzale eraginkor bakarra»

Bidegurenek, bere hitzartzean, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea defendatu du. «Boto abertzale eraginkor bakarra, Madrilen erabakitzeko eskubidea defendatuko duen bakarra, EH Bildu da subiranista katalanekin eta galegoekin eskuz esku eta elkarlanean aritu daitekeen bakarra».

Eta bide horretan kokatu du Llotja del Mar-en «gutxieneko programa bat» izenpetu izana. «Ondo ulertu dugu zer nolako bide antidemokratiko hartu duen Estatuak eta indarrak elkartuta bakarrik egin ahal izango diogula aurre norabide oker horri, soilik subiranismotik eraiki daitezkeelako gizarte aurreratuak eta erabat demokratikoak».

Araban, «alternatiba PP eta EH Bilduren artean» 

Araban Agurainek hartu du gaurko koalizioaren ekitaldi nagusia. Iñaki Ruiz de Pinedo hautagaiak «alternatiba PP eta EH Bilduren artean» dagoela berretsi du, eta Mari Mar Blancok ere hala aitortu duela azpimarratu.

«Ez diogu inori iruzur egingo, hitzezkoak garelako», gaienratu du. Ruiz de Pinedoren esanetan, EH Bildu «ezker fidagarria, batzen duen ezkerra eta eskuin hirukoitzari irmotasunez eta erantzukizunez aurre egingo dion ezkerra da». Era berean, «1080 euroko gutxieneko pentsio baten, 1.200 euroko gutxieneko soldata baten eta lan-harremanen euskal esparru baten alde borrokatzea» du helburu Arabako hautagaiak.