80 lagunek eman dute izena jada Baserritar Gazteen Topaketan

Larunbat honetan Zaldibian eginen da Baserritar Gazteen hirugarren Topaketa, «Baserritar gaztea naiz, eta harro nago!» leloarekin. ENBAk antolatutako ekitaldian, besteak beste, Gaztenek programa baloratuko dute, eta baserritar gazteen testigantzak entzun.

NAIZ|2019/11/07
Ardiak
Ardiak talde lanaren adibide hoberena dira. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Nekazaritza arloko belaunaldi aldaketa faltaren aurrean, Baserri Gaztea hirugarren Topaketa antolatu du ENBAk. Zaldibiako Goizane zentroan bilduko dira larunbat goizean. Erantzuna espero baino hobea izan da: 80 pertsona daude izena emanda.

«Gipuzkoan ba al dago baserritik bizi nahi duen gazterik?». Galdera horri erantzunez hasiko dira, azken 10 urteetan Gaztenek programaren bidez sektorean sartutako gazteen datuak emanez eta baloratuz. Xabier Arruti Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza eta Landa Garapeneko zuzendaria izanen da hizlari.

Ondotik, `Kimu berriak betiko baserrian´leloarekin, lau baserritar gazteren testigantzak adituko dituzte. Adur Gorostidi (okeletarako behiak, Abaltzisketa), Arane (Ibarrako piperrarekin eginiko pimentoia, Ibarra), Ander Arrillaga (esnetarako behiak, Aia) eta Iker Sukia (Lazkaoko artzaina) dira gazte horiek.

Nel Casteño asturiarra, gonbidatu

Kafearen ondotik, transmisioa errazteko abian jarri den Errelebo Irekia programaz mintzatuko dira, eta gero solasean segituko dute, «zeintzuk dira gazteak baserrira erakartzeko gakoak?», galdetuz.

Gonbidatu berezi bat izanen dute, Nel Casteño Europako Mendietan ahuntzekin ibiltzen den artzaina, baserritarren ahotsa zabaltzeko bideo ospetsu eta polemikoak egin ohi dituena.