NAIZ

«Boto abertzale eta aurrerakoia» EH Bildun kontzentratzeko deia egin dute Bideguren eta Iñarrituk

Idurre Bideguren senataria eta Jon Iñarritu diputatua EH Bilduko alkate eta zinegotziekin batzartu dira Bilbon eta Donostian. «Estatu espainolaren asmo birzentralizatzailea ase ezina» salatu eta EH Bilduren botoa «Estatutik datozen erasoen aurrean euskal herritarrak babesten dituena» dela nabarmendu dute.

Bideguren Matute eta Goirizelaiarekin batera Bilboko ekitaldian. (FOKU)
Bideguren Matute eta Goirizelaiarekin batera Bilboko ekitaldian. (FOKU)

EH Bilduk hauteskunde kanpainan murgilduta jarraitzen du eta gaur goizean Bilbon izan da Idurre Bideguren senataria eta Donostian Jon Iñarritu diputatua, koalizio subiranistaren alkate eta zinegotziekin batera. Pozik agertu dira «euskal herritarrek gero eta konfiantza handiagoa daukatelako EH Bildurengan, eta horren erakusle da EH Bildu izatea lehen indar munizipalista».

EH Bilduko kideen iritziz, zergatia argi dago: «Euskaldunek badakite hemengo alderdiei emandako botoek bakarrik defenditzen dituztela beraien interesak». Hori dela eta, «boto abertzalea, subiranista eta aurrerakoia» emateko deia egin diete euskal herritarrei, «botoa EH Bilduri emateko, EH Bildurena delako Estatutik datozen erasoen aurrean euskal herritarrak zaintzen eta babesten dituen botoa».

Bidegurenek eta Iñarrituk «Estatuaren asmo birzentralizatzailea ase ezina» dela salatu dute. «Eta ez du mugarik, gure ikasleentzako beken kopurua zein izan behar den ere esateraino» iristen baita, kritikatu dutenez. Horren aurrean, agindu dute EH Bilduko ordezkariek «euskal udalen autonomia eta burujabetza errespetarazteko modu aktiboan egingo dutela lan Madrilen, horrek herritarren bizi baldintzetan eragin zuzena izango duelako».

Izan ere, «Estatuaren asmo birzentralizatzaileek modu zuzenean eraso egiten diote gure udalen autonomiari, Estatua baita gastu muga ezartzen duena eta gure udalen diru-sarrerak mugatzen dituena, eta horrek, jakina, udalek jendeari eskaintzen dioten zerbitzua okertzea dakar».

Horri jarraituz, EH Bilduko hautetsien lana aldarrikatu dute, are gehiago kontuan hartuta zer nolako ondorioak dituen Estatuaren inboluzioak tokiko instituzioetan, guztiz baldintzatzen baitu euren lana herritarren ongizatea bermatzerakoan: «Zuek zarete gure lan instituzionalaren oinarria, zuek zaretelako egunero herritarrekin batera egoten zaretenak eta haien premiak ondoen ezagutzen dituzuenak, baina ez da erraza euskal alkatea izatea, Espainiako Estatuak ere ez digulako errazten».

«EH Bildu hazten ari da eta igandean are gehiago haziko gara»

Bidegurenekin batera Bilboko ekitaldian parte hartu duten alkate eta zinegotzien artean Maite Ibarra Arrigorriagako alkateak hartu du hitza. EH Bilduko hautetsiek «gure herritarren egunerokoa hobetzeko egunero modu zintzoan egiten duten lana» azpimarratu du, bai eta horrek «herritarren konfiantza irabaztea» dakarrela ere, «EH Bildukoak hitzezko pertsonak garelako, esaten duguna egiten dugulako».

Horren guztiaren ondorioz, koalizio subiranista «hazten» ari dela nabarmendu du Ibarrak. «Ezker subiranistarentzat gaindiezinak ziren langak gainditzen ari gara eta eremu berrietara iristen ari gara, eta igandeko hauteskundeetan are gehiago haziko gara, lan onak saria jasotzen baitu beti», azpimarratu du.