naiz

Senideak Erorien Haranean dituzten sei euskal familia Ondare Nazionalarekin bildu dira Madrilen

Sei euskal familia eta valentziar bat Madrilen izan dira espainiar Gobernuaren Presidentzia Ministeritzaren baitan memoria historikoaren ardura duen Ondare Nazionalak deituta. Erorien Haranaren egoera tekniko arkitektoniaren berri eman diete bilkuran eta sentipen «gazi-gozoarekin» atera dira senideak. Erakunde guztien «ardura» eskatu dute.

1.000 euskal herritar ingururen gorpuzkinak daude Erorien Aranean. (Emilio NARANJO / AFP)
1.000 euskal herritar ingururen gorpuzkinak daude Erorien Aranean. (Emilio NARANJO / AFP)

Francoren gorpuzkinak Erorien Haranetik atera eta gero, 1.000 euskal herritarren gorpuzkinak oraindik bertan daude. Bertatik atera eta etxera ekartzeko borrokan daude familia ugari. Gaur horietako sei Madrilen izan dira espainiar Gobernuaren Presidentzia Ministeritzaren baitako Ondare Nazionalak deituta.

Ekhiñe Atorrasagastik bertan du Lucas Ugarteren senidea eta NAIZ IRRATIAri azaldu dionez, ez dute oso garbi zergatik deialdia soilik familia batzuei egin zaien. Bilkura informatiboak izan dira.

48 ordu lehenago abisatu zituzten senideak eta Erorien Haranaren egoera tekniko arkitektoniaren berri eman dietela, baita «diskrezioa» eskatu ere beste senide batzuk ez dutelako jaso. Astelehenean igorriko diete informea ofizialki eta txosten horren gainean aztertuko dute indarrean dauden desobiratze eskaerak bideragarriak diren edo ez.

Sentipen «gazi-gozoa» utzi dio gaurko bilerak Atorrasagastiri. «Francoren desobiratzearen ondotik, nola egin zen ikusita eta ondorengo deialdiak ikusita, egoera irregular batean gaudela ikusi dugu. Gu senide batzuk gara, baina askoz gehiago dira. Iruditzen zaigu hau luzapen amaigabe batean sartzeko ideiarekin egiten dutela, arazo edo oztopo teknikoak argudiatuta».

Bertan dauden gorpuzkin guztien egoera konpontzeko «erabaki politiko bat» eskatu du Lucas Ugarteren senideak. Desobiratze eskubidearen aitortza hori martxan jarriko dela baieztatu diete, baina ez dira oso baikor. Erakunde guztien «ardura» eskatu dute afera hau argitze aldera. «Frankismoaren biktimen legerik gabe jarraitzen dugu EAEn. Gizarte bezala benetako errelatoak, egia eta aitortza eskatzen badugu, halako gertakaerak argitzeko modua emanen duen legea behar dugu».