Oihane LARRETXEA
DONOSTIA

Bakarkako bigarren lanarekin itzuli da musikara Eñaut Elorrieta

‘Irteera argiak’ (Elkar) gernikarrak bakarka egiten duen bigarren diskoa da, ‘Deserriko kantak’ lanaren ostean. Beste argi guztiak itzaltzen direnean pizten diren argiez mintzo da, eta horretarako «soinu natural eta berezien bila» joan da. Lehen zuzeneko kontzertua Andoaingo Bastero kulturunean eskainiko du, hilaren 22an.

Eñaut Elorrietak gaur aurkeztu du ‘Irteera argiak’ diskoa. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Eñaut Elorrietak gaur aurkeztu du ‘Irteera argiak’ diskoa. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Bi urteko lanaren fruitua da ‘Irteera argiak’. Tarte horretan, barrura begira jarri da Eñaut Elorrieta (Gernika, 1975) gero kanpora begira jartzeko. Eta soilik grabatu ondoren, entzuten jarri zenean, ohartu zen musikaria «ahotsarekin soilik hasi eta ahotsarekin soilik bukatzen» dela. Bederatzi kantu dira plazaratu dituenak.

Bakarkako lehen diskoa gaiari zegoekionez «kontzeptuala» zen bitartean, azken hau ez du termino horietan kokatu, baina musikalki hala dela kontatu du. «Joan gara soinu naturalak eta berezien bila. ‘Irteera argiak’ beste guztiak itzaltzen direnean pizten direnez mintzo da, larrialdi egoeretan pizten diren horiez», zehaztu du.

Diskoa bidaien bidez aletu du. Horietako bat da heriotzetik bizitzara doana. Ziklo aldaketak aipatu ditu, tartean, eta besteak beste, Euskal Herriak bizitu duena, garai bat itxi eta beste bat irekiz. Inguratzen gaituenak ez ezik, azalean bizitakoak ere jaso ditu. «Nere ziklo bitala ere hemen dago. Azken urteetan gauza garrantzitsuak bizitu ditut: aitatasuna, galerak nere inguru hurbilean…», aipatu ditu.

‘Deserriko kantak’ lanean behar zuen «deseraiki», eta hori «obsesioa« izatera ailegatu zela esan du. Ondoren, ‘Harian’ proiektuarekin biluztu egin zen. Orain, «eraikitzera» etorri da. Horretarako sasoia zela sentitzen zuen, eta hala jaso du abestietan.

Gai sozialetatik gai existentzialetara, eta tartean landu ditu maitasuna, heriotza, bizitza…; iluntasunetik argira ere egin du bidaia. «Gai gordinak dira –azaldu du–, baina kanta guztietan badago argira joateko joera, asmoa». Idazteko garaian «erredundantzia ez interesgarrietatik ihes» egin du, eta melodia ez dramatikoak erabili ditu. «Horrela gehiago hurbiltzen nintzen interesatzen zitzaidan horretara, drama eta euforiarik gabe», azaldu du.

Estudioan ireki da

Bakardadetik elkarbanatzera ere jauzi egin du. Edo bidaiatu du. Elorrietaren hitzetan, prozesua «oso bakartia» izan da, eta «goizeko» diskoa da, izan ere egunero egunero lehen izpiekin Getariako baserri batean aritu da lanean. Ondoren hasi zen elkarbanatzen, lehendabizi letrak Uxue Alberdirekin eta ondoren musika Ruben Caballerorekin.

Hemen aldaketa eman du musikariak. «Normalean grabaketa estudiora gauzak oso lotuta joaten naiz, baina orain, lehen aldiz, bertan konpartitu nuen lana, irekita joan nintzen. Sorkuntzaren bigarren fasea estudioan bertan eman da». Hortxe izan du erronka handia Elorrietak berak aitortu duenez «nahiko kontrolatzailea» baita.

Disko hau «ahotsaren aldeko apustua» da. Garbi adierazi du. «Tonu baxuagoa batean aritu naiz, eta anbiente ilunagoetan murgildu naiz», nahiz elementu batzuekin argiaren bila joan den. Letrari dagokionez ere ahotsa gehiago landu du, eta «lurra» eman dio bildumari. «Baxua sartu dugu. Nire obsesioa ere bazen hau, ahotsa eta gitarrarekin soilik defendatu zitezkeen abestiekin soilik egin dut aurrera, beste asko bidean gelditu dira».

Lehen kontzertua hilaren 22an bertan izango da, Andoaingo Bastero kulturgunean. Ondoren etorriko dira Urruña (azaroak 24ean Iturbidea aretoan), Bilbo (abenduaren 1ean Arriagan) eta Donostia (abenduaren 22an Victoria Eugenia antzokian).