Naiz

Nafarroa Arenak Berri Txarraken kontzerturako sarrera gehiago jarriko ditu salgai

Eremua aztertu ostean, hirukote nafarrak azaroaren 22an eta 23an eskainiko dituen kontzertuetarako edukiera handitu dezakeela erabaki du Iruñeko aretoak. Hala, azken sarrerak salgai jarriko ditu bihar, 25 eurotan.

Berri Txarrak taldeko kideak. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Berri Txarrak taldeko kideak. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Iruñeko Nafarroa Arena erabilera anitzeko pabilioiak Berri Txarrak hirukotearen ‘Ikusi Arte Tour’ biraren azken kontzertuak hartuko ditu. Ekitaldi historiko horretara joateko sarrerak salgai jarri eta berehala saldu ziren, biraren gainontzeko kontzertuekin gertatu bezala.

Orain, azaroaren 22ko eta 23ko kontzertuetara joateko azken aukera izango da, aretoak egindako esfortzuari esker. Izan ere, Twitterren argitaratutako txio batetan azaldu bezala, musikari nafarrek prestatu duten ekoizpena eta pabilioiko eszenatoki berria kontutan hartuta, lekua ondo aztertu dute eta erabaki dute sarrera gehiago jarriko dituztela salgai.

Ez dute zehaztu zenbat izango diren, bihar, azaroaren 12an, salduko dituztela soilik. Azken sarrera hauek harmailetatik kontzertua ikusi ahal izateko izango dira eta 25 eurotan salduko dituzte Nafarroa Arenako lehiatiletan soilik, 11.00etatik 14.00etara. Pertsona bakoitzak 4 sarrera eskuratu ahal izango ditu.