Aitor AGIRREZABAL
Iruñea

Euskal kulturak Nafarroan eta garai berrietan dituen erronkak aztertuko dituzte Iruñean

Kontsumoa, transmisioa, sorkuntza, ikusgarritasuna, teknologia... Gizarteak aldaketa handia izan du azken hamarkadetan eta euskal kulturari ere erronka berriak sortu zaizkio orainera egokitzeko. Hauek aztertuko dituzte urtarrilaren 24an, Iruñean, egingo dituzten ‘Hari izpia hartzen’ jardunaldietan.

‘Hari izpia hartzen’ jardunaldiak aurkeztu dituzte Iruñeko Kondestable jauregian. (NAIZ)
‘Hari izpia hartzen’ jardunaldiak aurkeztu dituzte Iruñeko Kondestable jauregian. (NAIZ)

‘Hari izpia hartzen’ jardunaldiak aurkeztu dituzte Iruñeko Kondestable jauregian. Hemen bertan, urtarrilaren 24an, hainbat ekimen egingo dituzte. Antolatzaileak diren Jon Jaka (Elkar Fundazioa), Castillo Suarez (Nafarroako Euskara Teknikari Sarea), Ines Castilla (Karrikiri elkartea) eta Jon Abril (Elhuyar) izan dira gaur goizeko ekitaldian.

«Arduratuak gaude euskal kulturaren kontsumoarekin», adierazi du Jakak. Baieztatu duenez, gero eta euskaldun gehiago dago, baina, «ohitura eta erreztasuna» medio, gazteleraz kontsumitzen dute hein handi batean. Zentzu horretan transmisioan eta eskaintzan indarrak jartzeko beharra nabarmendu du. «Euskal kultur sorkuntza eta produkzioa aberatsak dira gaur egun, baina, maizegi, ez dira herritarrengana iristen».

Era berean, egungo «iraultza kulturala» kontuan hartzeko beharra jarri du mahai gainean. «Orain arte sozializaziorako bide nagusiak familia, eskola, lagunartea eta komunikabideak izan badira, egungoak Google, Amazon, Facebook, Twitter eta Instagram dira». Hor ere egon beharra du euskarak. Eta guzti honen bitartez, agenda politikoetan kokatzeko premia ere azpimarratu du.

Hau iraultzeko antolatu dituzte urtarrileko jardunaldiak. «Eragile guztien artean gogoeta bateratu bat egin nahi dugu, nondik jo jakiteko», gehitu du Suarezek.

Egun osoko egitaraua izango da urtarrilaren 24koa. Goizean, 09:15ean, ‘Euskal kulturaren kontsumoa’ hitzaldia eskainiko du Josu Amezaga EHUko irakasleak. Euskararen ezagutzan «lorpen handiak» egin direla dio Amezagak, baina erabileran «hutsuneak» antzeman ditu. Euskaldun batzuek euskaraz gero eta gehiago kontsumitzen badute ere, komunitate hori ez da zabaldu.

Honen ostetik, 10:15ean, transmisioa, sormena eta eskaintza landuko ditu Abrilek gogoeta gidatu batekin. Sormen horrek euskararen normalizazioan duen eraginean jarriko du ikusmira, baita aurrera begirako lan-lerroak zehaztea. 12:30ean, Miren Artetxek ‘Gazteak, bertsoa, transmisioa eta nortasuna’ hitzaldiaren bitartez «zergatik ez dute gazteek euskaraz hitz egiten» galderari buelta emango dio, «zergatik hitz egiten dute gazteek euskaraz?» hausnartuz. Horretarako Ipar Euskal Herriko bertso eskolak aztertu ditu.

13:00etatik aurrera Bera, Azpeitia eta Aiaraldeako esperientzia ezberdinak plazaratuko dituzte.

Jardunaldia irekia izango bada ere, aldez aurretik izena ematea eskatu dute, euskara@sakana-mank.eus helbide elektronikora idatziz.