NAIZ

Nafarroa Beheretik Ipar Euskal Herri osora zabalduko da Euskararen Urtaroa ekimena

Duela zenbait urte Nafarroa Beherean abiatu zen Euskararen Urtaroa ekimena Ipar Euskal Herri osora hedatuz joan da eta bere baitan antolatzen diren ekimenak ere emendatzen ari dira. Aurten azaroaren 14tik 28ra iraganen dira euskararen erabilera eta sustapena xede duten ekitaldiak bultzatzeko ardura Euskal Elkargoak bere gain hartu du.

Lapurdi, Nafarroa Beherean eta Zuberoko 42 herritan euskararen sustapena xede duten ehun ekitaldi inguru iraganen dira azaroaren 14tik 28ra. Udalen eta elkarteen elkarlanak emandako fruituak jaso ditu Euskal Elkargoak bere gain hartu duen Euskararen Urtaroak.

Euskal Elkargoaren arabera, ehun ekitaldi inguru daude programaturik, lurralde osoko 42 herritan. Ikusgarriak, mintzaldiak, erakusketak, tailerrak, bisita gidatuak eta beste hainbat, guziak Herriko Etxeen eta tokiko elkarteen elkarlanari esker. Euskararen Urtaroa euskara dakitenei edo ikasten ari direnei zuzentzen zaie bereziki, baina euskara ez dakitenentzat ere hitzordu batzuk proposatuko dituzte, itzulpen bidez edo azpitituluak erabiliz.

Ipar Euskal Herriko erakundeak gogora ekarri nahi izan du 51.000 direla egun euskaldun. Baina gisa berean, badirela bertako hizkuntza ezagutu nahi duten euskaldun berri ainitz, eta baita euskara sustatzeko lanean ari den elkarte sare zabala ere. Erakundeen papera ere lehen lerroan jarri nahi izan du. Bada, aberastasun hori biltzeko parada eskaini nahi du Euskararen Urtaroak.

Egitarau zabala eta hainbat berrikuntza

Bi astez iraunen duen ekimenerako egitarau zabala eta askotarikoa presentatu dute. Aipagarri gisa, argitaraturiko liburuxkaren hastapenean, hiztegi ttipi jarri dute hitz batzuekin eta ekitaldiak iraganen diren herrien itzulpenarekin.

Ohikoak diren ekitaldiez harago, aurtengoan berrikuntza batzuk badirela eman dute ezagutzera. Batetik, gastronomiari loturik Itsasun, Ezpeletan eta Hendaian hurrenez hurren azaroaren 16, 28 eta 30ean izanen diren hitzorduak nabarmendu ditu Elkargoak. Zenbait ekitaldi artistiko eta ekonomiko ere lehen lerroan jarri nahi izan ditu.

Filosofiari loturik, "Gogoa dantzan" goiburu duten tailerrak ere badira aurtengo berrikuntza. Sei eta hamar urteko haurrei zuzendurik, Olatz Perezek emanen ditu saioak Hiriburuko multimedia gelan eta Hendaia, Maule, Hazparne eta Donibane Garaziko mediateketan.

“Cadavre exquis” idazketa jokoa ere lehen aldiz eginen da. Hamar mediateketan iraganen da eta azaroaren 27an aurkeztuko da irisarriko Ospitalean zentroan.

Egun horretan Asisko Urmeneta eta Dominique Campistron marrazkilariak eta Maindi Murua eta Maddi Sarasua bertsolariak izanen direla iragarri dute.

Euskararen Urtaroaren egitarau osoa Euskal Elkargoaren web atarian ikusten ahal da, eta baita bertatik deskargatu ere.