Zamoran preso egondako apaizei omenaldia egingo zaie Durangon

‘Apaiz-kartzela’ dokumentalaren work in progress emanaldiarekin batera, Zamorako espetxean preso egondako apaizei omenaldia egingo zaie abenduaren 7an, Irudienean. Zuzendariak eta preso egondako apaizak egongo dira ekitaldian.

NAIZ|2019/11/12
Durango_apaiz_kartzela
Dokumentalaren kartela. (NAIZ)

Durangoko Azokaren 54. edizioa abiatzeko hiru aste geratzen diren honetan, antolakuntza hasia da programazioaren edukiak aletzen. Irudienean, ohiko moduan, dokumentalak, fizkioak, film laburrak eta umeentzako filmeak izango dira eta abenduaren 7rako ekitaldi berezia prestatu dutela iragarri dute: ‘Apaiz-kartzela’ dokumentalaren aurrerapena emango dute 12.30ean hasita eta espetxe horretan egon ziren apaizak omenduko dituzte.

Oier Aranzabal, Ritxi Lizartza eta David Pallaresek zuzendutako lanaren work in progress emanaldia izango da, zehazki, Irudieneak hartuko duena. Hau da, filmaren irudiak ikusteko aukera izango da, baina emango dena ez da behin-betiko bertsioa izango.

Ekitaldian zuzendarietako bik, Aranzabal eta Lizartzak, hartuko dute parte eta Zamorako espetxeko presoaldia ezagutu zuten Xabier Amuriza eta Josu Naberan ere bertan izango dira. Sarrera doakoa izango da, baina gonbidapena eskuratu beharko da: abenduaren 5etik aurrera jaso ahalko dira, Irudienean bertan.

Frankismoaren aurkako apaizak

Zamorako espetxea 1968an ireki zuten frankismoaren aurka altxa ziren apaizak atxilo hartzeko asmoz. Hala, apaizentzat berariaz sortutako lehen presondegia bilakatu zen eta 53 preso lotu zituzten bertara. Aurten 50 urte betetzen dira espetxearen irekieratik eta, Durangoko Azokatik nabarmendu dutenez, «oraindik ez dute Elizaren eta erakundeen barkamenik jaso».

Dokumentalaren oinarrian memoriaren berreskurapena dago eta Juan Mari Zulaika preso eta fraide ohiaren eskutik abiatzen da Zamorarako bidaia. «Urteak eman ditu bidegabekeria haren inguruko oroitzapena gal ez dadin lanean. Bera izango dugu bide erakusle eta berarekin abiatuko gara 1973an Zamorako kartzelan izan zen mutinaren inguruan mundu zabaleko hainbat telebistatan emititu ziren irudien bila. Hala biziberrituko dugu garai latz haietan herritarren eskubideak defendatzeagatik preso joandako apaizen bizimodua», ziurtatu dute.