NAIZ
Bilbo

Brouard, Muguruza eta Estatu biolentziaren biktimak omenduko dituzte, azaroaren 20an, Bilbon

‘Oker dabiltza, oker zebiltzan. Geldiezinak gara’ lelopean, mobilizazioa deitu du ezker abertzaleak azaroaren 20rako, Santi Brouarden eta Josu Muguruzaren hilketen urteurrenaren harira. Estatu biolentziaren biktimak omenduko dituzte.

Josu Muguruza eta Santi Brouarden omenezko aurreko ekimen bat. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)
Josu Muguruza eta Santi Brouarden omenezko aurreko ekimen bat. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Azaroaren 20an Santi Brouarden (1984) eta Josu Muguruzaren (1989) hilketen urteurrenaren harira, ezker abertzaleko hainbat kidek egun horretan egingo den manifestazioa aurkeztu dute. ‘Oker dabiltza, oker zebiltzan. Geldiezinak gara’ lelopean, Arriaga plazatik irtengo da 19:00etan eta Santi Brouard hil zuten kontsultaren aurrean amaituko da (Errekalde Zumarkalea, 12).

Arkaitz Rodriguezek gogora ekarri ditu Brouard eta Muguruza: «Estatu-terrorismoak hil zituen orain 35 eta 30 urte Santi Brouard eta Josu Muguruza, hurrenez hurren. Herenegun, gainera, 40 urte bete ziren estatu-terrorismo berberak Mikel Arregi Lakuntzako zinegotzia hil zuela».

«Herri honen aspirazio askatzaileak zapuzten saiatzeko, bai nazionalak bai sozialak», PSOEk GAL «baliatu» zuela nabarmendu du. «Oker zebiltzan. 30 eta 35 urteren ostean, errepresioak ez du lortu herri hau ez desagerraraztea ez makurraraztea», erantsi du Sorturen idazkari nagusiak. «Euskal Herrian demokrazia aldarrikatzen duen proiektu independentista sendotu besterik ez da egin. Errepresioak ez gaitu geldiarazi. Independentistak hazi egin gara eta hazten ari gara. Are, ezker abertzalea ez da jada eragile politiko bakarra haustura demokratikoa planteatzen duena». Zentzu horretan, gogora ekarri du berriki, Estatuko hainbat indar subiranistek babestutako Llotja de Marreko adierazpena.

Gaur egun ere, «espainiar Estatuak, frankismoarekiko hausturarik ezean, eskaintza demokratikorik gabe jarraitzen duela», nabarmendu du Rodriguezek. «Apustu horren baitan kokatzen dira espetxeak euskal militantez hustu ez eta Altsasuko gazteak bezalako euskal herritar berriez bete nahi izatea; apustu horren baitan kokatzen da Kataluniako independentismoaren aurka bideratutako errepresio guztia, eta apustu horren baitan kokatzen da bai Kataluniari bai Euskal Herriari bai estatuko gainerako herriei beren autodeterminazio eskubidea bortxaz ukatzen jarraitzea».

Hori dela-eta, orain ere «oker dabiltzala», azpimarratu du. «Orain ere errepresioak ez baitu lortuko gure herrien demokrazia eta askatasun aldarriak itotzea. Geldiezinak gara».

Eta lelo horrekin, ‘Oker zebiltzan. Oker dabiltza. Geldiezinak gara’ deitu dute mobilizazioa azaroaren 20rako. Estatu biolentziaren biktima guztiak omenduko dituzte ekimenean.