NAIZ

Emakumeen eta eliteko atleten partaidetza handituko du aurten Donostiako maratoiak

Emakumezkoen partaidetza %50era inguratuko da hamar kilometroko proban eta antolatzaileek esfortzu handia egin dute eliteko atleta afrikarrak ere ekartzeko.

Aurkezpena gaur egin dute udaletxean (FLY GROUP)
Aurkezpena gaur egin dute udaletxean (FLY GROUP)

Azaroaren 24ean ospatuko da Donostiako Maratoiaren 42. edizioa, Euskal Herrian egiten den zaharrena. Oraindik aste bat falta da eta, azken dortsalen salmenta oraindik irekita dagoen arren, 8.000 korrikalari baino gehiago bilduko dira Donostiako kaleetan distantzia desberdinetako probetan parte hartzen.

Gaur goizean egindako aurkezpen ekitaldian antolatzaileek jakinarazi dutenez, adibidez, proba nagusian 3.500 korrikalariko muga betetzeko zorian daude, adibidez. Oraingoz 3.250 pertsonek dortsala erosi dute.

Hamar kilometroko proban 1.018 dira orain arte izena eman duten korrikalariak (1.200ekoa da muga), eta larunbatean ospatuko den Maratoi Txiki festako dortsalak agortzeko ere oso gutxi gelditzen da: 1.000 saldu dira eta 1.200 gazte espero dituzte antolatzaileek. Maratoi erdian, aldiz, 2.600eko muga beteta dago jada.

Aurten ere, emakumezkoen partaidetzak gora egingo du. Igandeko hiru distantziak batuta, emakumezkoen partaidetza %27,5a suposatzen du, iaz baino %1,1 gehiago. Maratoian %15ekoa da portzentaia, maratoi erdian %30ekoa eta eta 10 kilometroko proban %50ekoa, kopuru benetan aipagarria.

Atzerritik etorritako korrikalarien kopurua ere hazi egingo da aurten. 60 herrialde baino gehiagoko atletak egongo dira irteeran, bost kontinenteetatik etorriak. Ingalaterratik dator, esaterako, %5,1a; Suediatik 110 korrikalari datoz; eta Estatu Batuetatik zein Turkiatik 50 baino gehiago, adibidez. Beste bi datu: partaideen %8 madrildarrak dira eta %6 kataluniarrak.

Ongi Etorri gunea Anoetako Belodromoan egongo da eta ibilbidea iazko berdina izango da: irteera Errondo pasealekuan egongo da eta helmuga Anoetako Miniestadioan. Maratoiko eta Maratoi Erdiko Gipuzkoako Txapelketa ere izango da Donostiakoa.

Goi-mailako korrikalariak

Goi-mailako partaidetza ere hazi egingo dela aipatu dute antolatzaileek. Esfortzu handia egin omen dute afrikar gehiago kontratatzeko. Gizonezkoen probari dagokionez, jarraitu beharreko izenen artean daude Patrick Kipyegon Terer (30 urte, 2h08:07), Collins Kipkorir Cheboi (26 urte, 2h10:56), Noah Kangogo Kipsoi (27 urte, 2h12:33) eta Emmanuel Sikuku (26 urte, 2h11:20) keniarrak; Demeke Kasaw Biksegn (22 urte, 2h15:46) eta Tola Lema Birbisa (36 urte, 2h14:23) etiopiarrak; eta Okbe Kibrom eritrearra.

Emakumezkoetan, faborito nagusiak Emily Jemutai Cheruiyot (39 urte, 2h30:50) eta Gladys Jepkorir Kiprotich (29 urte, 2h35:16) keniarrak; eta Bentu Shiferaw Wodajo (24 urte, 2h32), Tigist Bikila Deme (27 urte, 2h40:18) eta Tejinesh Gebisa Tulu (26 urte, 2h37:21) etiopiarrak dira. Gainera, Behobia irabazi berri duen Chakib Lachgar marokoarra erbi lanetan arituko zaie 23. kilometrora arte.