Kapuscinskiren ‘Kristo fusilarekin’ argitaratu du Katakrakek

Katakrak argitaletxeak Ryszard Kapuscinski erreportari poloniarraren ‘Kristo fusilarekin’ argitaratu berri du euskaraz, Amaia Apalauzaren itzulpenaz. Liburuak erreportaje sorta bat biltzen du eta, horien bidez, munduko gatazka ezberdinetako gerrillarien erradiografia dakarkio irakurleari.

Amalur ARTOLA|2019/11/14
Kapuscinski_katakrak
Amaia Apalauza itzultzailea. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Palestinan zein Mozambiken, munduko txoko ezberdinetan askatasunaren alde borrokatu diren gerrillari ezagun zein anonimoen istorioak batzen ditu Ryszard Kapuscinski-ren ‘Kristo fusilarekin’ (Katakrak) liburuak. Jatorrizko hizkuntzan, polonieraz, 1975. urtean ikusi zuen argia argitalpenak eta erreportari poloniarra nazioartean ezagun egin duten liburuetako bat da.

Argitalpenean Kapuscinskik Palestina, Latinoamerika eta Mozambikeko gatazketan idatzi zituen erreportaje sorta bat biltzen da eta, horien bidez, gerrillariaren figuraren gaineko gogoeta proposatzen da. «Liburu honetan biolentziaren gaia lantzen da, zehazki, gerrillariaren figuraren analisia egiten da erreportaje ezberdinen bidez», zehaztu du liburuaren aurkezpenean Katakrakeko Hedoi Etxartek, eta Kapuscinskik gerrillariaren gertuagoko irudi sakonagoa emateaz gainera kazetaritzaz gogoeta egiten duela ere nabarmendu du. Etxarteren hitzetan, Kapuscinskik «ulertu» zuen kazetaritza-lanak «norbaitek sinatzen baditu ere iruzur txiki bat» badagoela, «egiten dena delako leku batera joan, istorioak jaso eta modu batera aurkeztu».

Etxartek liburuaren hitzaurrea Ane Irabazal nazioarteko erreportariak egin duela ere nabarmendu du. Hitzaurre horretan, Kapuscinskik politikariak elkarrizketatzea gorroto zuela ekartzen du gogora kazetari gipuzkoarrak eta bere helburua «ikusezinei ahots politikoa eskaintzea» dela baieztatzen du: «Ez zuen inoiz kazetariaren misio mesianikoan sinistu, baina argi zeukan noren alde zegoen: ‘Pobreak munduko populazioaren %80 dira, baina pobreziak ez du ahotsik. Nire betebeharra da pertsona horiek entzunaraztea’», dakar gogora, poloniarraren hitzak baliatuz.

Boliviatik Mozambikera

Amaia Apalauzarena da itzulpena. Aurkezpenean, liburua hiru zatitan egituratuta dagoela zehaztu du itzultzaile iruindarrak. «Palestinari buruzko ikuspegi arabiarra» biltzen du lehenean: «Lerro gutxitan oso ondo azaltzen du 1947ko gerra eta gakoak ematen ditu gaur egungoa ulertzeko. Libano, Siria, Jordania… hainbat ikuspegi ematen ditu», aipatu du.

Bigarren atalak Latinoamerika du jomuga eta Bolivia, Guatemala, El Salvador edota Haitiko kontakizunak dakartza. «Boliviakoa harira dator egun hauetan gertatzen direnak ikusita, eta horiek ulertzeko oso aproposa izan daiteke, duela 60 urte antzerakoak gertatu zirelako», esan du. Kapuscinskiren erreportajean botere militarrak Bolivian duen indarra islatzen dela eta «kolpe militar bat zein erraz egin daitekeen» ikusarazten dela ziurtatu du.

Bigarren atal honetatik Salvador Allende eta Ernesto ‘Che’ Guevararen parekidetasuna egiten duen idatzi bat nabarmendu du itzultzaileak, eta azaldu du ‘Zergatik hil zuten Karl von Spreti’ (Guatemalako enbaxadore izandakoaren bahiketatik abiatuta hilketa botere-tresna gisa erabiltzearen gainean dihardu) testuaren bi bertsio badaude ere, duen garrantziagatik beraiek Kapuscinskik 1970an liburu autonomo gisa argitaratu zuena itzultzea hobetsi dutela.

Hirugarren atala Mozambikeko independentzia gerrari dagokio. Apalauzak gogora ekarri du Kapuscinskik urte mordoa eman zuela Afrikako gerrate ezberdinen berri ematen –Angolakoan Kapuscinskik bizitakoen berri ematen du, esaterako, Raul de la Fuentek zuzendu eta iaz estreinatu zen ‘Egun bat gehiago bizirik’ animaziozko filmak–, eta, liburuak biltzen dituen kontakizunen bidez, Kapuscinskik urrun dauden gerren arteko lotuneak azaleratzen dituela ere argudiatu du: «Geografikoki urrun daude gerra hauek elkarren artean, baina Kapuscinskik gogoeta egitea nahi zuen, horiek injustiziaren aurrean duintasuna berreskuratzeko nahiak» bateratzen dituela ohartarazteko.