NAIZ
GASTEIZ

Haurreskolak Partzuergoak eta Lakuak negoziazioa blokeatu dutela diote ELA eta Steilasek

Steilas eta ELA sindikatuek salatu dutenez, Haurreskolak Partzuergoak eta Hezkuntza Sailak kudeaketa langileen negoziazioa «blokeatu» dute.

Gasteizen egindako elkarretaratzea. (HAURRESKOLAK PARTZUERGOKO KUDEAKETA LANGILE GREBALARIAK)
Gasteizen egindako elkarretaratzea. (HAURRESKOLAK PARTZUERGOKO KUDEAKETA LANGILE GREBALARIAK)

Haurreskolak Partzuergoak eta Hezkuntza Sailak Haurreskolak Partzuergoko kudeaketa langileen negoziazioa «blokeatu» dutela salatu dute Steilas eta ELA sindikatuek.

«Pasa den ikasturtean, kudeaketa langileek haien lan baldintzen defentsan burututako sei greba egun eta mobilizazio ezberdinen ondorioz, Haurreskolak Partzuergoarekin negoziazio prozesu bat abian jarri zen. 2019-2020 ikasturteari bost eguneko grebarekin hasiera eman zioten arren, irailaren 11tik Haurreskolak Partzuergoa negoziazioak blokeatzen ari da. Garbi dago mobilizazioak eteten diren momentutik Haurreskolak Partzuergoak eta Eusko Jaurlaritzak negoziaziorako epeak luzatzen ari direla», salatu dute ohar batean.

Eta, nabarmendu dutenez, «bitarte honetan egoerak berdin darrai, ez dago lanpostu zerrendarik, ez da egin zerbitzu guztietako lan kargen benetako azterketarik, ez dago EPE baterako negoziaziorik, ordezkoen eta barne sustapenerako araudiak bukatu gabe daude. Haurreskolak Partzuergoak mahai negoziatzailean adostutako epeak ez ditu bete».

Sindikatuen ustez, «ulertezina eta salagarria da egoera larri honen aurrean Haurreskolak Partzuergoak irailaren 11tik mahai negoziatzailerik ez deitzea eta dagokion erantzukizuna baztertuz negoziazioaren ardura guztia Hezkuntza Saila zein Eusko Jaurlaritzaren gain uztea». Eta «egoera larri» honen aurrean, sindikatuek, bai Haurreskolak Partzuergoa eta baita Hezkuntza Sailari, «negoziazioa desblokeatu eta lehenbailehen mahai negoziatzailea deitzea exijitzen» diete. «Negoziazioa berrabiarazi ezean, mobilizazioekin jarraitzea beste biderik ez dugu izango», ohartarazi dute.