IDOIA ERASO

Taldekako Xilabaren finala larunbatean ospatuko da Izturitzen

Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Behereko bertsolari txapelketaren finala ‘Hasta La 2toria’ eta ‘Ez Otoi Pentsa’ taldeen artean jokatuko da. Izturitzeko herriko gelan eginen da bertso saioa azaroaren 16an, larunbatean, 16.30ean, bazkari baten ondoren. Xilaba taldeka egiten den bigarren urtea da.

Azkaingo Mattinsalto taldeak irabazi zuen 2019ko Xilaba. (Isabelle MIQUELESTORENA)
Azkaingo Mattinsalto taldeak irabazi zuen 2019ko Xilaba. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Bederatzi saio eta bi finalerdiren ondoren, abiatu ziren bederatzi taldeetatik bik lortu dute larunbatean Izturitzen eginen den finalera ailegatzea. Talde bakoitzean parte hartzen duen bertsolari kopurua ezberdina bada ere, finalerdian eta finalean hiru soilik lehiatzen dira.

‘Hasta La 2toria’ ordezkatzen Elixabet Etxandi, Lur Renteria eta Maddi Sarasua izanen dira; Hodei Renteria eta Leire Laskaraik taldeko kide baldin badira ere, ez dute finalean parte hartuko. Maddi Ane Txoperena, Miren Artetxe eta Josu Txoperena izanen dira ‘Ez Otoi Pentsa’ taldearen izenean; Gorka Artetxe taldekidea animatzen izanen dute.

Txapelketa guztian zehar egin diren saioak bezala, Baionan eta Müskildin egin ziren finalerdiak oso arrakastatsuak izan zirela zabaldu dute Bertsulariek Elkartetik. Lapurdiko hiriburuko Zizpa gaztetxean egin zen saioan jendea zutik gelditu behar izan zen, eta Zuberoan 80 bat lagun elkartu ziren.

Bertso bazkaria

Iaz hasi zen taldeka ospatzen Xilaba, eta orduan abiatu zen ohiturarekin bat eginez, eta festa giroa hedatzeko, otordu bati loturik egiten da saioa. Bertso bazkari eta afariak izan dira, eta aukera ez zenean, taloak jateko parada eskaini da behintzat.

Finala ere horrela izanen da, bazkaria 12.00etan eskainiko da, eta saioa 16.30ean izanen da; «tanko» abiatuko dela erran dute antolatzaileek, beraz bazkarira joango ez bada, Izturitzeko gelara garaiz heltzea komeni da.

Taldeka eta banaka

Banakako eredutik taldekakora pasatzea deliberatu zuen Bertsularien Elkarteak joan den urtean, parte hartzea handitzeko asmoz, eta xedea lortu egin zuen. Iaz Xilaban inoiz parte hartu duen talderik jendetsuena izan zen, 43 bertsolarirekin, aurten gutxiago izan badira ere, 34 hain zuzen ere, antolatzaileak pozik agertu dira parte hartzearekin.

Kopuruari parte hartzaileen adina ere gehitu behar zaio, gazteak erakartzeko egin baitzen, banaka egitea zailago egiten baitzitzaien, eta taldeei begiratuta gazteen parte hartzea garrantzitsua dela ikusi da.

2020an aldiz, berriz ere banakakoa izanen da Xilaba, 2021ean ospatuko den Euskal Herriko Bertsolari Txapelketarako Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako saikapen ofizialerako hitzordua baita.