Nazioarteko zazpi komisariori «euskal artearen testuingurua» erakutsiko die Etxeparek

Zabal egitasmoa jarri du martxan Etxepare Euskal Institutuak, euskal artistei nazioarteko esparruan ate berriak irekitzeko asmoz. Ekimenaren lehen urratsa Ruth Estevez, Sao Pauloko Bienaleko komisarioaren bisita izango da. Asteazkenean hitzaldia emango du Bilboko Arte Eder Museoan.

NAIZ|2019/11/17
Etxepare_zabal
Sao Pauloko Bienalaren irudi orokorra. (NAIZ)

Etxepare Euskal Institutuak Zabal egitasmoa jarri du martxan, euskal artistei aukera berriak eskaini eta nazioarteko testuinguruarekin loturak sortu eta sendotzeko helburuarekin. Zabal programaren lehenengo fasea 2019ko azarotik 2020ko ekainera bitarte burutuko da, eta nazioarteko zazpi arte komisario gonbidatuko dira. Horietako lehena Ruth Estevez Sao Pauloko Bienaleko komisarioetako bat izango da; nazioarte mailan arte bienal ezagun eta garrantzitsuenetakoa da Brasilgoa. Estevez astelehen honetatik larunbatera bitartean izango da Euskal Herrian, eta Gasteiz, Donostia eta Bilbo bisitatuko ditu.

Bere egonaldiaren baitan, Sao Pauloko Bienalari buruzko aurkezpen ireki bat egingo du, sortzaile guztiei eta entzulego orokorrari eskainia. Hitzaldia asteazkenean izango da, azaroaren 20an, arratsaldeko 19.00etan, Bilboko Arte Eder Museoan.

Etxeparetik jakinarazi dutenez, Zabal ekimenaren xedea nazioarteko komisario, arte kritikari eta museo zuzendariei euskal artearen testuingurua erakustea da. Horretarako, Euskal Herrira gonbidatu eta tokiko testuingurua ezagutuko dute, «betiere haien interes zehatzen arabera, eta aditu batzorde baten laguntzaz berariaz sorturiko bisita eta topaketa agenda batean oinarrituta». Proiektua aurrera eramateko Artingenium arte bulegoaren laguntza izango du Etxeparek.