Naiz

Ane Pikaza artistak Arriquibarreko zoroari omenaldia egin dio Bilboko Alondegiko fatxadan

Interbentzioak ‘Atentamente mía’ du izena, eta maitasun erromantikoaz eta amodioak eragindako sakrifizioez hitz egiten du. Pieza Alondegiko fatxada nagusia erakusketa-espazio bihurtzen duen Fatxada proiektuaren parte da.

Ane Pikazaren olanak Alondegiko paretatik zintzilik. (NAIZ)
Ane Pikazaren olanak Alondegiko paretatik zintzilik. (NAIZ)

Ane Pikaza artista bilbotarraren ‘Atentamente mia’ interbentzio artistikoa egin du Bilboko Alondegiko Fatxada proiektuaren esparruan. Diseinatzaile eta ilustratzaileak 2019 urtea itxiko du Arriquibarreko zoroa deituriko pertsonaia gogora ekarriz. Emakume horrek gau eta egunak ematen zituen aulki batetan eserita artilezko txanoak ehuntzen. Pertsonai hori Arriquibar plazaren historiaren parte da.

«Arriquibarreko espazioa bera oso esanguratsua zen niretzat, istorio hori bainuen gogoan, amak eta amamak hamaika aldiz kontatutakoa. Hortaz, ilustrazioaren bidez, forma eman nahi diot amodio erromantikoaren ideia horri, nola joan den aldatzen horretaz dugun ikuskera. Horixe da abiaburua, eta loredun kapela zoro horiek ere bai», azaldu du artistak. Pieza, hiru lonatan, 2020ko urtarrilaren 15era ikus daiteke eraikinaren horma nagusian.

Pikaza artista bilbotarrak erabilera onirikoaren aldeko apustua egin du errealitateei aurre egiteko, ispilu baten aurrean publikoa jartzen duten eszena eta ametsen unibertso batean. «Beti pentsatu nuen pertsona bat baino gehiago izan nahi nuela, bizitza bat baino gehiago bizi. Beharbada, horregatik erabaki nuen gustatzen zaidan guztia egitea. Arte Ederrak eta Antzerkia ikasi nituen, eta, denboraren poderioz, desira horrek oreka arraro batean bizitzea lortu du. Gaur egun, neure burua prestatzen jarraitzen dut, eta bi mundu bateratzen ditut: batzuetan oso hurbil daude elkarrengandik; beste batzuetan urrundik begiratzen diote batak besteari, eta noiz edo noiz eskutik lotuta joaten dira. Leiho horretatik atera behar da nire lanak ikusteko. Egin dezagun amets», aipatu du.