Behe presioko aluminioko laugarren lantegia inauguratu du Fagor Ederlanek Bergaran

Behe presioko aluminioko galdaketarako laugarren lantegia inauguratu du ofizialki Fagor Ederlan Groupek astelehen goizean. 55 milioi euro inbertitu ditu taldeak Bergarako lantegi berrian. Behe presioko aluminiozko portamangetak egiten espezializatuta dago.

Maddi TXINTXURRETA|2019/11/18
Fagorederlan
Fagor Ederlaneko langile bat, portamangetekin lanean. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Orain bi urte hasi ziren Bergarako lantegira makinak eramaten eta, orain, aluminioa galdatzeko beharrezko makina guztiak instalatuta, 220 langile ditu planta berriak. Jakinarazi dutenez, 1,7 pieza fabrikatzen ditu urtean, BMW, Daimler edo Jaguar LandRover bezalako automobilgintza markei zerbitzua emateko, eta behe presioko aluminio galdaketan eta mekanizazioan espezializatuta dago, Chassiseko segurtasun osagaien fabrikaziorako.

Zehazki, behe presioko aluminiozko portamangetak ekoitziko ditu Bergarako lantegiak. Ibilgailuaren segurtasuna arriskuan jarri gabe bere pisua arintzeko balio dute piezok.

Fagor Ederlanek behe presioko aluminio galdaketarako duen laugarren lantegia da gaur Bergaran inauguratutakoa; gainontzekoak Mexikon, Txinan eta Arrasaten daude. Maila globalean, Fagor Ederlanek 6,2 milioi unitate baino gehiago hornitzen ditu, eta horniketan gora egitea aurreikusten du, 2023an mundu osoan 7,6 unitate hornitzeraino. Nabarmendu dutenez, munduko kotxeen erdiak Fagor Ederlanek ekoiztutako piezaren bat dauka.

Fagor Ederlanek 18 ekoizpen planta ditu mundu osoan, horietako 11 Hego Euskal Herrian, bi Mexikon, bi Brasilen, bi Txinan eta beste bat Eslovakian. Egun, Fagor Ederlan Groupek 4.500 langile ditu orotara, horietatik 2.500 Gipuzkoan, eta 2.500 dira bazkide kooperatibistak. Ekitaldian jakinarazi dutenez, azken hiru urteetan 1.300 langile batu dira taldearen plantilara, horietatik 800 Hego Euskal Herrian Fagor Ederlanek dituen lantegietara.

Hemen sustraituta

“Sustraitik mundura” izan da Bergarako lantegian egin duten inaugurazio ekitaldiaren leloa, eta bertan parte hartu dute, besteak beste, Fagor Ederlaneko zuzendari nagusi Juan Mari Palenciak, Fagor Ederlaneko presidente Aitor Axpek, Mondragon Korporazioko presidente Iñigo Ucinek eta Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak.

Palenciak portamangetak autoaren segurtasunean duen garrantziaz hitz egin du, eta automozioaren sektoreak, «beste sektore guztiek bezala», pairatzen duen aldaketa garaiari egin dio erreferentzia. Horrek, arazoak bezala, «aukerak» ekartzen dituela esan du, eta horiek aprobetxatu behar direla. Antzekoa adierazi du Ucinek, esanez ez dakitela nolakoak izango diren hemendik hamarkada batzuetara egingo diren autoak, baina «gu hor egongo gara», nabarmenduz. «Gure modeloari esker lortuko dugu lehiakortasuna eta inbertsioak egitea», esan du.

Euskal Herrian «errotuta segitzea» garrantzitsutzat jo du Aitor Axpek, «hemen gaude eta hemen jarraituko dugu», esan du. Nazio Batuen Erakundeak (NBE) 2020-30erako aurkeztutako garapen iraunkorrerako 17 helburuak Fagor Ederlanen txertatzeko asmoa iragarri du, eta horretarako «agente desberdinen» lankidetzaren beharra azpimarratu.

Iñigo Urkullu lehendakariak 17 helburu horietan lan egiteko asmoa konpartitu du Axperekin, eta zoriondu egin ditu Fagor Ederlaneko langileak. «Gaur, Euskadik, lehiakortasunean urrats bat lortu du, gure ekosistema indartu da», esan du, Bergarako lantegiaren irekiera ospatuz.