naiz

Jarrera antisindikalengatik kondenatu dute Mercadona

ELA sindikatuko ordezkari bati zegokion osagarri bat ez ordaintzeagatik, eta hori «jarrera antisindikalaren» ondorio izan zela ondorioztatuta, 3.550 euroko kalte-ordaina ordaindu beharko dio Mercadonak langileari, Gasteizko Lan Arloko epaitegiak hala ebatzita.

Un supermercado de Mercadona.
Un supermercado de Mercadona.

Gasteizko Lan Arloko epaitegiak Mercadona kondenatu du, ELAko ordezkari bati osagarri bat ez ordaintzeagatik jokabide antisindikala izan duela iritzita, sindikatuak berak gaur prentsara igorritako ohar baten bitartez jakinarazi duenez.

Ondorioz, Mercadonak 3.550 euroko kalte-ordaina eman beharko dio kaltetutako ordezkari sindikalari, ordaindu gabeko kontzeptuengatik, eta baita supermerkatuko zuzendaritzaren «politika antisindikalak eragindako kalte-galerengatik» ere. Gasteizko epaitegiaren ebazpena iragan asteko azteazkenean –azaroaren 13an– egin zen publiko.

Supermerkatuko zuzendaritzaren jokabide antisindikala «onartezina» dela esan du ELAk, eta salatu du, orobat, Mercadonak ez dituela plantilako langileen oinarrizko eskubideak errespetatzen.

Sindikatuak nabarmendu du gertaturikoa ez dela «kasu bakana» izan enpresa honetan, «enpresako zuzendaritzak lan-baldintzak indarrez ezarri nahi dituelako, langileen ordezkariak eta langileak berak beldurtuz, eta ELA ez dago hori onartzeko prest». Jakinarazi du, halaber, «eskura dituen neurri guztiak hartuko ditu horrelako ekintza antisindikalak desagerrarazteko; ekintza horien azken helburua langileen baldintzak hobetzeko eskaerak oztopatzea baita».