NAIZ

K-1eko euskal selekzioa Italiara eta Japoniara doa, lehen aldiz emakume talde batekin

Aurreratu dutenez, datorren urtean Munduko Txapelketa Euskal Herrian antolatzeko negoziaketak oso aurreratuta daude.

Indarra hartzen ari den kirola da K-1 modalitatea (EHK-1F)
Indarra hartzen ari den kirola da K-1 modalitatea (EHK-1F)

Oztopoak oztopo, K-1eko euskal federazioak urratsak ematen jarraitzen du bere kirola ezagutarazi eta euskal kirolariei nazioartean euskal herritar moduan lehiatzeko aukera emateko.

Arte martzial desberdinen batura batetik 90eko hamarkadaren hasieran Japonian jaio zen modalitatea da K-1 delakoa, eta Euskal Herrian 300 bat kirolari dabiltza berau lantzen, zazpi herrialdeetan barna dauden ia 30 taldetan banatuta.

Euskal Herriko K-1 Federazioak prentsaurrekoa eskaini du asteazken honetan Zornotzan eta, jakinarazi dutenez, euskal selekzioak Italian eta Japonian lehiatuko du datozen egunetan.

Italiako hitzorduari dagokionez, lau emakumez osatutako selekzioa bidaliko dute Milanen egingo den Munduko Open Amateur Txapelketara, azarioaren 29tik abenduaren 1era, hain zuzen ere.

Japoniara, berriz, bost kirolariz osatutako delegazio bat joango da, bertako All Japan Amateur Txapelketako proban parte hartzera, Yokohama hirian abenduaren 1ean. Balore handia du aukera honek, K-1aren jaioterrian lehiatzea berezia izango delako benetan.

Jokin Ibarra, federazioko arduraduna, pozik azaldu da bi gonbidapen horiek jaso izanagatik, eta gogoratu du iaz Rigan (Estonia) eta Dublinen (Irlanda) lehiatzeko aukera ere izan zutela.

Esperientzia eta kontaktu horiek baliatuz, Munduko Txapelketa datorren urtean Euskal Herrian antolatzeko negoziaketak ere oso aurreratuta omen daude. Sinadura bakarrik falta dela baieztatu zuen Ibarrak, baina laguntza eskatu zien erakundeei 2.000 kirolarik parte hartzen duten lehiaketa bat aurrera eraman ahal izateko.