Haritz Larrañaga

Euskal presoen eskubideak aldarrikatzeko ekimena, bost mendi tontorretan, larunbatean

«Ttonttorretatik askatasunera» goiburua duen ekimena azaroaren 23an izango da. Urrian Kanboko biribilguneetan euskal presoen eskubideak aldarrikatu zituen herritar talde berak egin du deialdia. Horrez gain, abenduaren 28an, Estatu frantseseko espetxeetara martxak antolatuko dituzte.

Urriaren hamabian Kanbo inguruko biribilguneetan egin zen elkarretaratzeetako bat. Guillaume FAUVEAU
Urriaren hamabian Kanbo inguruko biribilguneetan egin zen elkarretaratzeetako bat. Guillaume FAUVEAU

Artzamendi, Arranomendi, Zualmendi, Ursuia eta Pic du Midi de Bigorre mendietako tontorretatik elkartasun soinuak igorriko dituzte presoekin solidario diren mendi zaleek datorren larunbat eguerdian. Irteera hitzordua 10:00etan izango da. Artzamendira igotzeko Itsasuko plazan ezarri dute hitzordua. Arranomendira joateko, ostera, Larresoroko Aldaburua ostatuan elkartuko dira parte hartzaileak. Zualmendira, Sarako plazatik abiatuko dira, eta ordu berean, Kanbo eta Lekornen elkartuko dira Ursuiara elkarrekin joateko batuko diren herritarrak.

Pic du Midi de Bigorre mendiak 2.877 metro ditu eta, kasu honetan, esperientzia duten mendi zaleak igoko dira. Gainera, tontor hau Lannemezango espetxetik ikus daiteke, hortaz, parte hartzaileek ahalegin berezia egingo dute ekimenari ikusgarritasun gehiago emateko.

Edonola ere, 12.00etan tontor guztietatik aldi berean soinua ateratzea da ekimenaren helburua. «Euskal Herria eta kartzelaren arteko lotura eraiki» nahi dutela azaldu du Amaia Beyriek, ekimenaren antolaketan parte hartu duen kanboarrak.

Biribilguneetatik espetxeetara

Pasa den urriaren 12an Kanbo inguruko biribilguneak hartu zituen herritar talde batek euskal presoen eskubideak aldarrikatzeko. Orain, mendi tontorretatik zabalduko dute mezua, eta abenduaren 28rako espetxeetara martxak antolatzen ari dira.

Oraingoz, Roanne eta Lannemezango espetxeetara joateko asmoa dutela iragarri dute, baina xehetasun gehiago datorren astean eskainiko dituzte. Beyrieren esanetan, «xedea da ideia bat botatzea, desmartxa bat martxan jartzea eta herri bakoitzak ekimen bat egitea».