NAIZ

Euskal sortzaileek «oihartzuna eta aitorpena» lortu dute Eskozian

Amaitu berri da #ScotlandGoesBasque programa, euskal sortzaileen lana Eskozian ezagutaraztea eta bi herrien arteko zubiak eraikitzea helburu zuen ekimena, eta balorazio baikorra egin du Etxeparek. Irene Larrazaren hitzetan, «oihartzuna eta aitorpena» lortu dute sortzaileek.

Bernardo Atxaga izan da Eskozian izan den sortzaileetako bat. (ETXEPARE)
Bernardo Atxaga izan da Eskozian izan den sortzaileetako bat. (ETXEPARE)

Etxepare Euskal Institutuak sustatuta, hainbat euskal sortzaile Eskozian izan dira aurten, jaialdi ezberdinetan parte hartu eta, euren lana erakusteaz batera, bi herrien arteko zubiak eraikitzeko asmoz. Programa abiatu zenetik sortzaileek Eskoziako kultur hitzordu garrantzitsuenetan –Glasgowko Celtic Connections, Edinburgh International Film Festival (EIFF), Fringe eta Edinburgh International Book Festival tartean– parte hartu dutela nabarmendu dute Etxeparetik eta, balorazioa egiteko unea iritsita, erakundearen zuzendari Irene Larrazak euskal sortzaileek «oihartzuna eta aitorpena» lortu dutela ziurtatu du.

Musikari, antzezle, dantzari, idazle eta zine zuzendarien artean, 86 sortzailek hartu dute parte programan eta 106 jarduera eskaini dituzte. Horrez gainera, 137 kultur eragilek ere bidaiatu dute Eskoziara, jarduera ezberdinetan parte hartzeko.

Larrazaren hitzetan, «#ScotlandGoesBasque harremanak sendotu, aukera berriak sortu eta etorkizunera begira lankidetzak egonkortzeko parada izan da». Halaber, lurralde berean hainbat hilabetetan zehar kultur «eskaintza zabal bat» luzatu izanak euskara eta euskal kulturaren «proiekzio anitz eta osoago bat» ematea ahalbidetu duela iritzi du. «Euskal sorkuntza parez pare munduko bazter guztietatik etorritako eta edozein hizkuntzatako sorkuntzarekin batera eskaini ahal izan da, bere maila erakutsi, esperientziak partekatzetik ikasi eta, aldi berean, audientzia berrietara zabaldu da», gaineratu du.

2020an Quebec jomuga

Eskozian burutu den kultur programa Etxepare Euskal Institutuaren 2017-2020rako bide-orriaren lehentasunen artean kokatzen da. «Izan ere, Institutuaren ildo estrategikoetako bat da herrialde zehatzetan nazioarteko inpaktua duten ikusgarritasun handiko ekintzak gauzatzea», zehaztu dute. Jaurlaritzaren Euskadi-Basque Country 2020 nazioarteko estrategiaren testuinguruan kokatzen da ekimena.

Etxeparetik aurreratu dutenez, 2020 eta 2021 urteetan Quebec izango dute jomuga: «Quebec-ekin garatuko den lankidetzak izaera instituzional handiago izango du, eta aldebikotasunean sakonduko du. Horrela, joan-etorriko izaera duten egitasmo gehiago sustatuko ditu», aurreratu dute Etxeparetik.