Haritz Larrañaga

Ikasleek bat egingo dute Baionako Elikagaien Bankuaren deiarekin

Ostiral eta larunbatean Estatu frantsesean egingo den elikagaien bilketan parte hartzera deitu du Baionako Elikagaien Bankuak. Ikasleek ekimenarekin bat egiteaz gain, eskoletako bilketa eguna udaberrira atzeratuko da. Aurtengo helburua Ipar Euskal Herriko saltokietan 100 tona elikagai biltzea da.

Baionako Elikagaien Bankuko kideek prentsaurrekoa eskaini dute hiritarrak parte hartzera deitzeko.
Baionako Elikagaien Bankuko kideek prentsaurrekoa eskaini dute hiritarrak parte hartzera deitzeko.

Urtero sasoi honetan egiten den elikagaien bilketan parte hartzeko deia luzatu du gaur asteartean Baionako Elikagaien Bankuak. 600 laguntzailek parte hartuko du Ipar Euskal Herrian. Aurten, gainera, 36 ikaslek ekarpen berezia egingo dute Baiona eta Angeluko saltoki handienetan. Azaroaren 29an, ostiralean, denda barrura sartuko dira ikasleak eta, erosleei informazioa banatzeaz gain, ahalik eta parte hartzaile gehien lortzen saiatuko dira.

Azaroa amaieran saltokietan egiten den elikagien bilketarekin batera ikastetxeetan ere elikagaien bilketa egiten zuten ikasleek orain arte, baina erosle askok haien ekarpena ikastetxean egin zuela erantzuten zutenez, aurten bi bilketak bereiztea erabaki du Baionako Elikagaien Bankuak.

Ondorioz, aste honetan ez da janaririk bilduko ikastetxeetan, baina, aldiz, udaberrian ikastetxeei zuzendutako ekimen berezi bat egingo dutela iragarri du Philippe Bonenfantek, Baionako Elikagaien Bankuko lehendakariak.

100 tona bi egunetan

Urte osoan biltzen duten janari kopuruaren %10a azaroa amaierako asteburuan egiten duten elikagaien bilketan lortzen dute. Egun, 100 tona biltzea du helburu Baionako Elikagaien Bankuak, baina duela 33 urte hasi zirenean, 40 laguntzaileren artean 13 tona biltzen zituzten. Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako 40 saltegi nagusietan 600 ñaguntzaile banatzen dira erosleen ekarpenak jasotzeko.

Egunerokoan, batez ere saltoki handiek emandako produktu freskoak biltzen dituzte, alegia, iraungitze data duten produktuak. Horregatik, bilketa egunean kontserbak eta epe luzerako jakiak eskatzen dizkiete erosleei saltoki atarietan txaleko laranja jantzita denden irteeretan jartzen diren laguntzaileek, hala nola, arroza, pasta, arrain eta lekale kontserbak, gailetak eta antzeko jakiak.