Elhuyarren itzultzaile automatiko eleaniztuna, doan ordenagailu eta mugikorretarako

Elhuyarren itzultzaile automatiko eleaniztuna erabilgarri dago gaurtik aurrera doan, ordenagailu eta telefono mugikorretarako.

NAIZ|2019/11/27
Captura_de_pantalla_2019-11-27_a_las_11.00.13
Itzultzailea.eus webgunean erabil daiteke itzultzailea.

Adimen artifizialean eta sare neuronaletan oinarritutako punta-puntako teknologia oinarri hartuta, Euskal Herriko hiru hizkuntza nagusiak (euskara, gaztelania eta frantsesa) eta katalana eta galegoa dakizkien itzultzaile automatiko bat garatu du Elhuyarrek, eta gizartearen eskura jarri du, doan.

Elhuyarrek ohar batean azaldu duenez, Itzultzailea itzultzailea.eus webgunean erabil daiteke, edo aplikazioa mugikorrera deskargatuta. Bai batean eta bai bestean, bost hizkuntza horien arteko itzulpenak egin daitezke: euskara, gaztelania, frantsesa, katalana eta galegoa. Horretarako, aski da testua dagokion tokian idaztea, emaitza zer hizkuntzatan nahi dugun aukeratzea eta «Itzuli» botoia sakatzea.

Mugikorreko aplikazioaren kasuan, ez da testua aplikazioan bertan idatzi beharrik. Edozer irakurtzen ari garela, testua aukeratu, kopiatzeko botoia sakatu, eta Elhuyarren itzultzailearen ikonoa agertuko da. Haren gainean klik eginda, zuzenean eramango gaitu berak aplikaziora, eta dagokion testu-kutxan idatzita agertuko da kopiatu dugun testua.

Itzultzaile automatikoa garatzeko teknologiarik berritzaileenak baliatu dituzte Elhuyarreko I+Gko ingeniariek; besteak beste, adimen artifiziala eta sare neuronalak.

Adierazi duenez, «erosoa eta erabilerraza da oso», eta «malgua», hala nahi duten bezeroei beren beharren araberako zerbitzu aurreratuak eman ahal izateko. Itzultzaile automatiko honen bidez dokumentu formatudunak osorik itzul daitezke segundo gutxian, eta sistema edonon txerta daiteke, REST APIaren bidez: itzultzaile profesionalen tresnetan (Wordfast, SDL Trados Studio...), erabiltzailearen webgune eta CMSetan, erakundeen autentifikazio-sisteman (Single Sign On bidez)…

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK