Zaldunborda onartzeko dekretua bere gain hartu du Hondarribiko alkateak: «Etikoa bai, estetikoa ez»

Txomin Sagarzazuk, Hondarribiko alkateak, bere gain hartu du Zaldunborda Village Shopping makro-outlet proiektua martxan jartzeko ekainaren 26an, Gasteizko Legebiltzarrak merkataritza gune handiak mugatzeko legea onartu bezperan, onartutako dekretua. «Etikoa bai, estetikoa seguro ezetz», adierazi du. Merkatarien kezkeei dagokienez, haiengan, herritarrengan eta kontsumo ereduetan ere jarri du erantzunkizuna. «Hara doazenen kopuru bat herrira erakartzeko gai izango ginateke?»

naiz|Hondarribia|2019/11/27
Zaldunborda
Zaldunborda lursaila, makro-outlet proiektua egingo den tokia. (Jon URBE / FOKU)

Azken asteetan Zaldunborda Village Shopping makro-outlet proiektua nolakoa izango den erakusten duen bideoak bazterrak urratu ditu eskualdeko merkatarien artean. 2021erako aurreikusia dago 40.000 metro koadro izango dituen merkatalgunea, zeinek 115 saltoki bilduko dituen. Komertzio txikiarentzat suposatzen duen mehatxuaz haratago, kaleak eta bizilagunengan izango duen eragina jarri dute ikusmiran, eta ekosistemen duten eragina dela-eta ere kezkak agertu dituzte herritarrek.

Txomin Sagarzazu, Hondarribiko alkateak, lehen aldiz erantzun ditu bizilagunen salaketak, Antxeta Irratiari eskainitako elkarrizketan. Ekonomikoki suposa dezakeen sustapena eta enplegua izan ditu, behin eta berriz, argudio nagusi gisa, gaur egun Hondarribiak %7ko langabezia duela gogora ekarriz.

Ekainaren 26an dekretu bidez aurreonarpena eman zion proiektuari, Gasteizko Legebiltzarrak merkataritza gune handiak mugatzeko legea onartu bezperan. «Etikoa bai, estetikoa seguro ezetz», adierazi du mugimendu haren inguruan. «Partekatu nahi ditut kezkak eta arrazoiak. Erabaki naguasia 2017koa da. 2018an zirriborroa aurkeztu zuten, teknikoak lanean aritu ziren urte betez, eta Gasteizko Parlamentuaren legea zetorrela ikusita, proiektuak aurrera jarraitu izateko sinatu nuen hasierako onarpen hori».

Soilik EAJ agertu da Udalean proiektuaren alde eta Txomin Sagarzazu alkateak, dekretu bidez, onartu zuen proiektua. «Guregana etorriak ziren hainbat sustatzaile beste herri batera ere joan ziren. Eta guk aukera ikusi genuen. Adostasunak bilatu nahi izaten ditut, baina batzuetan ez ditugu lortzen. Abotsanitzek ezetz, EH Bilduk ez, PSEk parte hartu zuen lehen pausoetan baina gero nahiago izan zuen industriarako erabiltzea eremu hori. Alderdien arteko adostasun handiagoa komeni da, baina herritarren konfiantza maila ez da berdina alderdi guztiekin», adierazi du alkateak.

Eta oposiziotik, baita herri mugimenduetatik, prozesu parte-hartzaile bat eskatu zaio Hondarribiko Udalari. Baian debate hori egina dagoela uste du Sagarzazuk. «2017an plan orokorra onartzerakoan egin genuen debatea». Hala ere, egin zuen egiteko eskumena duela azpimarratu du. «Udalaren funtzionamenduan alkatetzari dagozkion eskumen batzuk daude eta beste batzuk udalbatzak direnak».

Kontra baina, ez zaizkio soilik bere udaleko kideak agertu, baita Irungo udala ere. Horren aurrean «hirigintzari dagozkion planen inguruaren eskumenak udal bakoitzak dituela» nabarmendu nahi izan du. «Hondarribiak inoiz ez dio Iruni esan zer egin, nola eta zertarako erabili behar dituen bere eremuak». Gainera, sortuko omen duen enplegu horrek «Irunen ere eragina» izango duela baieztatu du.

Sustatzaileekin alkateak duten lotura eta interes ekonomiko zehatz baten alde hartutako erabakia dela leporatu zaio Sagarzazuri, baina Hondarribiko alkateak bere irudia defendatu du. «Jendeak ezagutzen nau, ikusten nau, nire egunerokotasuna ezagutzen du. Argi dut zertan ari naizen». Hala, leporatzen zaion hori ukatu egin du. «Zurrumurruen izenean, politika egiteko modu batzuetan oinarrituta... bakoitzak ikusiko du zer esaten duen. Oker dabil hau alderdiaren ez dakit zer onurarako egiten dela pentsatzen duena». Eta zuzenean seinalatu du Abotsanitz. «Lehen minututik zabaldu zituen zurrumurruak eta gauzak gaizki egiten ari zirela. Horren ondotik dator dena. Erabakiak hartzeak alde onak eta txarrak ditu. Hondarribiari begira, jarduera ekonomikoetarako, asmo errealez ari gara. Inbertsio handi batez. Gu udal administrazioa gara, ez sustatzaileak. Batzuentzat erantzule izan gaitezkeen arren».

Sustatzaile gisa ez, baina dena bete beharren arabera egiten dela bermatzea izango da bere jarduna. «Guk beteko dugu eta betearaziko dugu prozedura administratiboak esaktzen duena, eta baldintzak betetzen badira ematen da baimena. Zentzu horretan ere proiektu honek bere bidea egin beharko du. Hor udalak interes orokorrari begiratu beharko dio», azpimarratu nahi izan du.

Merkatarien kezka

Herriko merkatariak izan dira makromerkatalgunearen aurka antolatzen lehenak. Hauen adierazpenak herritarrenak direla ez orokortzeko eskatu du eta bere ideiak hauteskundeetan defendatu zirela adierazi du proiektuak herritarren babesa ere izan dezakeela baieztatzeko. «Saiatzen naiz ez esaten herri guztiak nola pentsatzen duen, nahiz eta bi hauteskundetan gehiengoa lortu. Herri guztiak proiektu hau ez duela nahi esaten duenak… Zaila da hori frogatzea».

Bestalde, «eskatu duten dendari guztiekin» bildu dela adierazi du. «Haien kezkak agertu zizkiguten eta guk gure iritzia eman. Udala prest dago dendariekin batera ekintzak aurrera eramateko. Elkarlan baterako ohitura sortu da». Sagarzazuk, era berean, Zaldunborda haien onurarako baliatzea eskatu die. «Proiektu hau guztientzako aukera izateko lan egin dezakegu? Hara doazenen kopuru bat herrira erakartzeko gai izango ginateke?», galdetu du.

Bide beretik, erantzunkizuna herritarrengan jarri du alkateak. «Jar dezagun burua dendari txikietan, baina baita ere gure erosketak egiteko ditugun ohituretan. Zaila da neurria hartzea. Erraza da errua besteari botatzea. Besteei eskatzen diegun koherentzia, izan dezagun ere gure buruarekin».