Asier AIESTARAN

Artolak eta Imazek itxura ederra emanda lortu dute bigarren garaipena Sorian

Gipuzkoarrek sasoi betean daudela erakutsi dute eta 13-22 menderatu dituzte Olaizola II.a eta Urrutikoetxea. Lehen erdia parekatua izan da eta urdinak 11-8 galtzen ere egon dira, baina hortik aurrera erabat nagusitu dira.

Artolak asko asmatu du bigarren erdian (Juan Carlos RUIZ / FOKU)
Artolak asko asmatu du bigarren erdian (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Binakako Txapelketa aurkeztu zenean, Iñaki Artola eta Ander Imaz ez ziren sartzen txapela irabazteko hautagai nagusien artean, baina lehen bi jardunaldiak jokatuta, gipuzkoarrek argi utzi dute sasoi betean iritsi direla urteko lehiaketa nagusira eta kontuan hartzeko bikotea izango dela.

Soriako La Juventud pilotalekuan, esaterako, 13-22 menderatu dituzte Aimar Olaizola eta Mikel Urrutikoetxea, teorian Baiko enpresako bikoterik indartsuena ematen zuena. Partidaren lehen zatia parekatua izan da, eta urdinak 11-8 galtzen ere egon dira, baina hortik aurrera erabat nagusitu dira jokoan nahiz markagailuan.

Neurketari ere hasiera hobea eman diete Artolak eta Imazek. Aurrelari alegiarra eta atzelari oiartzuarra oso fresko daude, pilota bizi ateratzen zaie eskutik, eta konturatzerako 0-3 aurreratu dira markagailuan, lehen bi tantoak pilotakada bikain banarekin atzean eginak.

Baina partidari erritmoa sartu nahi horretan Artolak huts batzuk ere egin ditu lehen zatian, eta horrek gorriei neurketan sartzeko aukera eman die. Piloteoan gehiago ziren aurkariak, baina Aimar Olaizolak lortu du aurrean bere aukerak aurkitzea.

Berdinketak izan dira 3-3an, 6-6an eta 8-8an, eta datu esanguratsu bat: denborarik gehienean aurkarien menpe jokatu arren eta sartzeko ia aukerarik izan ez arren, 8-8ko horretara iristerako Aimarrek jada bost tanto zituen eginak, gehienak Artolari ezker paretean bihurri sartuak.

Gorrien unerik onenak ziren. Urrutikoetxeak asko ibili behar izan du kantxan, baina tanto eder pare bat ere egin ditu, eta bost tanto segidan eginez, 11-8 aurreratu dira.

Baina hortxe amaitu da Olaizola eta Urrutikoetxearen bidea. Argiak itzali egin zaizkie bat-batean, eta ordura arte leun samarra zen urdinen nagusitasuna erabatekoa izatera pasa da.

Artolaren bi tanto ikusgarrik –bat txokoan eta bestea gantxoz– eman diote hasiera gipuzkoarren 2-14ko partzial ikaragarriari, Imazek ere egin du berea bolea indartsu batekin, eta Urrutikoetxearen beherakadak ere –eramateko sake batzuk tartean– lagundu du neurketa hausterakoan.

Artolak eta Imazek gozatu egin dute azken tantoetan, eta Olaizolak eta Urrutikoetxeak sufritu. Batzuk esne mamitan daude, eta besteei ez zitzaien motza egingo Soriatik etxerako itzulera bidaia.