Emakumea, gaztea eta aniztasun funtzionalduna: prekarietatera kondenatutako gorputza

Emakundek lagundutako ikerketa batek ondorioztatu du aniztasun funtzionaldun emakume gazteek «askotariko diskriminazioak» pairatzen dituztela beraien lantokietan.

naiz|GASTEIZ|2019/12/02
Emakundeaniztasunfuntzionala
‘EAEn dibertsitate funtzionala duten gazteen lan-egoeraren diagnostikoa’ ikerketaren aurkezpena. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

EAEn aniztasun funtzionala duten emakume gazteen lan-egoera aztertzen duen ikerketa aurkeztu dute astelehen goizean Nerea Azkona, Ziortza Rekakoetxea eta Amaia Garcia lanaren autoreek. Emakundek beka bat eman dio azterlanari, emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko ikerketa-lanak egiteko beken deialdiaren barruan. Lan honen bidez, Emakundetik jakinarazi dutenez, emakumeen kolektibo jakin batek jasaten dituen desberdintasun egoerak ikusarazi nahi dira. Kolektibo horren bizitza baldintzatzen duten faktoreak anitzak dira, besteak beste: sexua, adina eta aniztasun funtzionala.

Genero ikuspegiarekin eta intersekzionalitatearen teoria kontuan hartuta egin da ikerketa, eta aipatu sexua, adina eta aniztasun funtzionalaren faktoreen artikulaziotik abiatuta, aztertu dute «zer desberdintasun eta diskriminazio egoera espezifiko dauden desgaitasunen bat duten emakumeen lan esparruan».

Hala, ondorioztatu dute aniztasun funtzionala duten emakume gazteen lan baldintzak prekarioak direla «kasu gehienetan», hainbat faktore tarteko: «Hala nola, sektore feminizatuetan lan egiteagatik, kontratu partzialak eta aldi baterakoak izateagatik eta haien osasunak denbora baldintzatzen dielako, eta horrek zuzenean eragiten duelako haien lanpostuetan».

Halaber, azpimarratu dute dibertsitate funtzionala duten gazteek «askotariko diskriminazioak» jasaten dituztela beren lanetan, beren «lan baldintzei, nagusi diren aurreiritzi eta estereotipoei eta egokitzapenik eta irisgarritasunik ezari lotuta».

«Gainera, aniztasun funtzionala duten eta etxeko lanak eta zaintza lanak egiten dituzten emakumeen ehuneko bat dago etxean sartuta, eta horiek ikusezinak dira estatistiketan eta lan eremuetan», ohartarazi dute.

Nola aurre egin

Azterlanak ondorioztatzen duenez, dibertsitate funtzionala duten gazteen lan arloko premiei «modu sistematikoan eta zeharkakoan aurre eginez bakarrik egin ahal izango da aurrera genero ikuspegia eta dibertsitatea integratzeko prozesuan, aniztasun funtzionala duten emakumeak beste emakume batzuetatik eta gizon guztietatik bereizten dituen arraila ez dadin handitzen jarraitu».

Horregatik, generoarekin, gazteriarekin, aniztasun funtzionalarekin eta enpleguarekin zerikusia duten politika publikoak sakonki berrikustea eskatzen dute.