NAIZ

«Euskaltzaindia: egunak eta lanak» dokumentala, Euskararen Egunean NAIZen ikusgai

Abenduaren 3a dela eta, aurten, bere ehungarren urtemugan, Euskaltzaindiaren historia eta euskararen zenbait ezinbesteko mugarri biltzen dituen ‘Euskaltzaindia: egunak eta lanak’ dokumentala zabalduko du Naiz.eus-ek, goizeko 10etan hasita.

Bi aktorek gidatzen dute euskara eta Euskaltzaindiaren barruko bidai hau.
Bi aktorek gidatzen dute euskara eta Euskaltzaindiaren barruko bidai hau.

Aurten ehun urte bete ditu Euskaltzaindiak, eta mendeurrena ospatzeko baliatu izan dituen ekimen askoren artean dokumental bat ere bada, ‘Euskaltzaindia: egunak eta lanak’ izenburu duena.

Euskararen inguruko mugarri nagusiak biltzen ditu dokumentalak, bai eta Euskaltzaindiaren ibilbidearen ingurukoak ere, izen-abizen garrantzitsuenak eta hizkuntzaren biziraupen zein garapenaren berri ematen duten esaldiak, datak... dena euskararen lurraldean gertatua eta bi aktoreren eskutik aurkeztua (Miren Gaztañaga eta Mikel Ibarguren, hain zuzen ere)

Bernardo Atxagarena da lan honen jatorrizko ideia eta Fermin Etxegoien izan du zuzendari. Bien artean osatu zuten gidoia. ‘Euskaltzaindia: egunak eta lanak’ honi Joserra Senperenak jarri dio musika, Haizea Pastor da argazki zuzendaria eta muntaketa lanaren ardura Hodei Zanbranok hartu du. Beitturena da ekoizpena, BBK Fundazioak lagundu du eta urrian emititu zuen ETBk.

Euskararen Egunaren ospakizunak euskara eta Euskaltzaindia beraren barneko ibilbide hau egiteko aukera ezin hobea eskaintzen du. NAIZen azalean ikusgai izango da lana, beraz, abenduaren 3. honen goizeko 10etan hasita. Ia ordubeteko iraupena du ‘Euskaltzaindia: egunak eta lanak’ honek.