Nafar Parlamentuak domina eman dio Euskaltzaindiari, 100 urteko lana sarituz

Euskaltzaindiak nafar Parlamentuaren domina jaso du, 100 urtetako lana eta euskararen irakaspena sarituz. Orreaga Fundazioak ere, Mariscal Pedro de Navarra saria emango dio, bihar, Iruñeko Gaztelu plazan.

naiz|Iruñea|2019/12/02
Euskaltzaindia
Euskaltzaindiak nafar Parlamentuaren domina jaso du. (@plazaberri)

Nafar Parlamentuko lehendakari den Unai Hualdek domina eman dio Euskaltzaindiari. Euskararen inguruan ezer aurrera ateratzea «oso zaila» dela azpimarratuta, balioan jarri du Hualdek «alderdien interesak alboratzea» sari hau ematerako unean.

Euskara «Nafarroaren altxorra» dela azpimarratu du Ganbarako lehendakariak eta «bizirik dagoela» nabarmendu nahi izan du. Hau «euskal hiztunen lanari esker» dela aderazi du eta «oztopo ugariri» aurre egin behar izan zaiola. Zentzu horretan kokatu du Euskaltzaindiari emandako saria. Era berean, 100 urteko historia ere ekarri nahi izan du gogora.

Hizkuntza arloan etorkizunean eman daitezkeen akordioen «aurrekari» izatea desio duela aipatu du Hualdek.

Alderdietako ordezkariek irakurritako agirian, halaber, «Euskaltzaindiak urte guzti hauetan gainditu behar izan dituen oztopoak» ere nabarmendu dituzte. Bere lana euskara batuaren promozioan «erabakiorra» izan dela adierazi eta horrek «alfabetatzean, kulturaren sustapenean, hedabideetan edo hezkuntzan» izan duen eragina ere lehen lerrora ekarri dute. 

Euskaltzaindiaren lehendakari den Andres Urrutiak «une gogoangarria» dela adierazi du eta dominak Euskaltzaindiaren lana «berretsi» egiten duela baieztatu. Denbora luze honetan erakundea «heldutasunera» eraman duten pertsona guztiak ekarri nahi izan ditu gogora, Arturo Kanpion edo Patxi Ondarra, besteak beste, 70 nafarren artean.

Banatu beharrean, euskara «elkarbanatzeko kultura zeinu» izan beharko litzatekeela adierazi du. «Guztion ondarean da, ezin du alderdi politiko batek edo ideologia batek erabilia izan», gehitu du. Horregatik, euskara herritarren artean «zabaldu eta garatzeko» deia egin du.

Mariscal Pedro de Navarra saria

Orreaga Fundazioak Mariscal Pedro de Navarra saria emango dio Euskaltzaindiari, bere mendeurrenean. «Ehun urtez euskal kulturaren alde egindako lana» aitortu nahi dio horrela Akademiari. Euskaltzaindiak jakinarazi duenez, Iruñeko Gaztelu plazako kioskoan jasoko du golardoa, asteartean, abenduaren 3an, Nafarroaren Egunarekin eta Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat eginez.

Orreaga Fundazioak orain dela 20 urte ezarri zuen Mariscal Pedro de Navarra saria, eta, joan den urtean, esate baterako, Eusko Ikaskuntzari egokitu zitzaion.