‘Askatasuna opari’ lelopean, 8.854 kultura bonu jarriko ditu salgai bihar Gipuzkoako Aldundiak

«Herritarrek kultur ondasun eta produktuak eskuratu ditzaten» lagundu asmoz, Gipuzkoako Aldundiak 8.854 kultura bonu jarriko ditu salgai bihartik aurrera. Liburu, musika edozein euskarritan eta filmak erosi ahal izango dira bonu hauekin. 3.542 euskarazko kultur produktuetarako izango dira baliagarriak, eta 5.312 beste hizkuntzetako kultur produktuak erosteko.

naiz|DONOSTIA|2019/12/03
Bonokultura
Gipuzkoako Kultura Bonuaren bosgarren edizioa aurkeztu dute. (GIPUZKOAKO ALDUNDIA)

Donostiako Hontza liburudenda izan da Kultura Bonuaren bosgarren edizioa aurkezteko aukeratutako lekua. Asteazken honetatik aurrera, abenduaren 4tik aurrera, jarriko da salgai Kultura Bonua, Gipuzkoako 26 herritako 65 saltokitan, ‘Askatasuna opari’ lelopean.

Gaur goizeko agerraldian jakinarazi dutenez, guztira 8.854 kultura bonu daude salgai. 3.542 euskarazko kultur produktuetarako izango dira baliagarriak, eta 5.312 beste hizkuntzetako kultur produktuak erosteko. 12 euroraino beherapena sortuko dute euskarazkoetan, eta 8 eurorainokoa gainerakoetan. Beti ere 20 eurotik gorako erosketarekin. Urtarrilaren 15a arte erabili ahal izango dira.

Horretarako, Lakuako Kultura Departamentuak 85.000 euroko partida bideratu du. Ekimen honen xedea «herritarrek kultur ondasun eta produktuak eskuratu ditzaten laguntzea, eta, aldi berean, kulturaren sektoreko enpresak indartzea eta banaketa artistikoaren eta kulturalaren merkatua dinamizatzea da». Modu honetan, liburuak (testuliburuak, ikasketetakoak eta profesionalak izan ezik), musika (edozein euskarritan) eta filmak erosi ahal izango dira bonuarekin.

«Eskerrak eman nahi dizkiet bat egin duten establezimenduei, urte osoan nahi dugun kulturaz gozatzeagatik nolabaiteko sukar kutsakor bat sortzen duen kanpaina honetan berriro ere konfiantza izan dutelako.  Lortu nahi dugu bonua ahalik eta pertsona gehienek baliatu ahal izatea, eta Gipuzkoa osoko hurbileko merkataritza bultzatzea. Halaber, euskarazko eta gaztelaniazko produktuetarako bonuak bereizi ditugu, euskarazko kulturaren kontsumoa bermatzeko. Izan ere, kulturaren salmenta sustatzeaz gain, euskal kulturaren ekoizpena eta sorkuntza ere bultzatu nahi ditugu», esan du Denis Itxasok, Gipuzkoako Kultura diputatuak.