Hauteskundeetara aurkeztuko diren hautagaiak itun ekologikoa sinatzera gonbidatu ditu Bizik

Trantsizio ekologikoaren aldeko zazpi neurriko paketea proposatuko die Bizik 2020ko udal hauteskundeetan aurkeztuko diren Ipar Euskal Herriko hautetsi guztiei. 2014an proposatu zituzten neurrien gaineko jarraipena egin ostean, azken sei urteetako bilana ere aurkeztu dute.

Haritz Larrañaga|BAIONA|2019/12/03
Bizirenprentsaurrekoa_baiona
Hitz Hitz! komiteko kideek Baionan aurkeztu dute metamorfosi ekologikorako 2020 ituna. (Guillaume FAUVEAU)

2014ko hauteskundeetan trantsizio ekologikorako 53 neurri aurkeztu zituen Bizik. Guztira 30 eskualdeetako herriko etxek egin zuten bat proposatzen ziren neurrietako batzuekin (Ipar Euskal Herriko biztanleriaren %75). Hortaz, Hitza-hitz! Lantaldea sortu zen, herriko etxeek hartutako neurriak egiaz betetzen zituzten ikuskatzeko. Sei urteko jarraipena egin ostean, bilana aurkeztu dute Biziko kideek Baionan egin duten agerraldian.

Lehenik eta behin, trantsizio ekologikoa bultzatzeko udalek azken sei urteetan zer egin duten azaltzen duen balantzea herritarrek egin dutela azpimarratu dute Hitz Hitz! kolketiboko kideek. Hau da, ez da zientifikoek burututako azterketa bat izan, baina Hitza Hitz! komiteak dosierra osatzeko erabili diren irizpideak eta metodologia oso zehatz aurkeztu ditu.

Aurkeztutako bilanaren helburua Ipar Euskal Herriko udalek trantsizio ekologikoarekiko duten engaiamendu maila erakusten duen mapa bat aurkeztea zen. Konpromisoak hartu zituzten herrietan «engaiamenduaren %53 aitzinatu» dela azaldu du Xabier Harlouchetek, Hitza Hitz! komiteko kideak. Ordea, bere hitzetan, «engaiamendu orokorrean soilik %10 aitzinatu da eta, helburua, herri guztiek konpromisoak hartu eta betetzea da, maila orokorrean aurrera egiteko».

Horregatik, datozen hauteskundeei begira, beste urrats bat emango du Hitza Hitz! komiteak. Azken sei urteetan herriko etxeek hartutako konpromisoak betetzen zituzten bermatzeko beste bi txosten aurkeztu zituzten, 2015ean lehena, 2016an bigarrena. Udal batzuek hartutako konpromisoak betetzeko urratsik ez zutela eman egiaztatu zuten. Horien artean esaterako, sei udalek soilik lehen txostenean parte hartu zuten, horren ostean ez zituzten Biziko kideek egindako galderak erantzun ere egin. Harloucheten iritziz, datu hauek zera erakusten dute, «ez dagoela kultura bat eman den hitza betetzeko».

Sinadura bilketa eta metamorfosiaren ituna

Herrika eta gaika egoera nola dagoen azaltzen duen azken sei urteetako bilana esku artean, zazpi puntu biltzen dituen «metamorfosiaren ituna» proposatzen die Bizi mugimenduak datorren hauteskundeetara aurkeztuko diren hautetsi guztiei.

Mugikortasuna, etxebizitzetako energia xahuketa, tokiko elikagaiak eta laborantza, energia berriztagarrien erabilera, tokiko ekonomia bultzatzeko eusko moneta, hondakinen murrizpena, eta Klima Plana dira Ipar Euskal Herriko metamorfosi ekologikoa bultzatzeko 2020ko itunak barnebiltzen dituen zazpi gaiak.

Jada mila herritarrek sinatu dute ituna eta hauteskundeak bitartean nahi duen orok sinatzeko aukera izango du, baina aldi berean itun hau ezagutarazi eta hautetsi guztiei aurkezteko kanpaina bat jarriko dute abian. Horrela, Martxoaren 2an Maulen martxa bat abiatuko da ituna zabaltzeko. Herriz herri, Ipar Euskal Herri osoa zeharkatu ostean, Baionan amaituko da martxa manifestazio batekin, martxoaren 7an (hauteskundeak baino aste bat lehenago).

Aipatu martxak, ordea, etenaldi bat egingo du martxoaren 5ean Uztaritzeko Lapurdi gelan. Hautetsi guztiak gonbidatuko dituzte ekitaldi batean parte hartzera. Bertan, itunaren berri eman eta hautetsiak publikoki sinatzera gonbidatuko dituzte.

Kontuan hartu behar da 2020ko martxoaren 14ean izango diren lehen itzuliko hauteskundeetan herriko etxeen osaketa bozkatzen dela, baina aldi berean emaitza horien arabera osatuko dela Euskal Elkargoa. Horregatik, udalei dagokien eskumenez haragoko konpromisoak ere proposatzen ditu Bizi mugimenduak.