naiz
Hondarribia

Zaldunbordan udal lizentziarik gabe eraikitzen hasi direla salatu du Abotsanitzek

Abotsanitz Udal Taldearen galderei erantzunez, Zaldunbordako outleta eraikiko den eremuan lizentziarik gabe eraikitzen hasi direla onartu du Hondarribiko udal arkitektuak. Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Lakuari «legea errespetatuarazi dezaten» eskatu diete.

Zaldunbordako outleta eraikiko den eremuan eraikitzen hasi dira. (ABOTSANITZ)
Zaldunbordako outleta eraikiko den eremuan eraikitzen hasi dira. (ABOTSANITZ)

Zaldunbordako outleta eraikiko den tokian, lizentziarik gabe eraikitzen hasi direla salatu du Abotsanitzek. «Berriro egin du Higertokik eta udal gobernuak berriro beste aldera begiratu du. Udaran inongo udal lizentziarik gabe zuhaitz eta landaredi mozketa eta betelana egin zuen bezala, oraingoan baimenik gabe eraikina altxatzen hasi da Zaldunborda Gaineko megaoutletaren bultzatzailea», adierazi du ohar baten bidez.

Hiritar baten salaketaren aurrean, Abotsanitz Udal Taldeak galdera egin dio udal arkitektuari. Azken honek lan horiek udal lizentziarik gabe egiten ari direla onartu duela baieztatu du Abotsanitzek.

«Beste behin argi geratu da Hondarribiko Udalak ezin duela zaindu edo ez duela zaindu nahi Zaldunbordan gertatzen ari dena», gehitu dute. Egoeraren aurrean lan guztiak bertan behera geratzea defendatu dute, eta Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Lakuari «legea errespetatuarazi dezaten» babesa eskatu.

Joan den uztailaz geroztik gehienez ere 2.500 metro koadroko saltokiak eraiki ahalko zirela ebatzi zuen Lakuako Gobernuak Europako araudiei jarraiki. Alta, Hondarribia kanpoaldean, Zaldunbordan, eraiki asmo duten makro-outletak 28.000 metro koadroko azalera izango du, Lakuaren ebazpenaren aurreko egunean Txomin Sagarzazu (EAJ) alkateak dekretu bidez onartu eta gero.

Ingurugiroari egingo dizkion kalteengatik eta inguruko saltoki txikien egoeran izango duen eraginak kezka sortu du Hondarribian.