NAIZ

Argentinan da Irantzu Lekue, identitateaz gogoetatzen duten muralak margotzen

Etxepare euskal institutuak hautatuta, Argentinan da egunotan Irantzu Lekue identitatearen eraikitze eta deseraikitzeaz hausnar egiten duten muralak margotzen. Kolektiboki erabakiko da zer elementu txertatu behar diren irudietan.

Lekue, proiektuan parte hartuko duten zenbait haurrekin lanean. (NAIZ)
Lekue, proiektuan parte hartuko duten zenbait haurrekin lanean. (NAIZ)

Etxepare euskal institutuak Irantzu Lekueren ‘Zortziko’ proposamena hautatu zuen Argentinan proiektu artistiko bat garatzeko eta iragan den asteburutik bertan da artista gasteiztarra. Proiektuaren asmoa identitatearen eraikuntza eta deseraikuntzaz gogoeta egitea da eta, horretarako, euskal diasporako kontakizunak eraikitzea proposatzen du proiektuak, «topikoak deseraiki eta benetako bizipen-kontakizunak eraikitzeko».

Euskaren egunean, abenduak 3, Mendozako Euskal Etxean izan zen Lekue. «Independencia plazan, hiriko plaza nagusian, arratsalde gaueko jaia antolatu zuten. Zikiroa, txistorra, musika, dantzak… kristoren jaia», azaldu dute ARTgia-tik –Lekuek Gasteizen sortutako sorkuntza eta erakusketa aretoa– eta gaineratu dute bertan burutu zuela Lekuek lehen saioa: «Ideia mordoa atera ziren eta bozetoekin lanean ari dira orain», zehaztu dute.

Argentinara joan aurretik Lekuek aurreratu zuenez, «denbora, tokia eta identitatea bezalako kontzeptuetatik abiatuko naiz, ‘Zortziko’-aren inguruan linealak ez diren narratibak eraikitzeko». Zehazki, ‘Zortziko’-aren metrika erabilita, 8 bertsoz osaturiko estrofa sortuko du, dantzaren eta pinturaren bidez interpretatuko dena, «tradizionala eta garaikidea fusionatuz eta sekuentzia narratibo berriak sortuz».

Ostegun honetan hasi dira Euskal Etxean egingo duten muralaren margoketa lanekin, eta abenduaren 12an Neuquen hirira abiatuko dira, bertako Artearen Laugarren Bienalean parte hartzeko gonbidapena ere jaso baitu Lekuek, ‘Museo a cielo abierto’ atalean. Hilaren 24ean itzuliko dira Euskal Herrira, Gabonak tarteko.