NAIZ

Eskubide guztien jabe bizitzeko aukera aldarrikatu dute Euskal Herriko hainbat eragilek

Giza Eskubideen Nazioarteko eguna den abenduaren 10 honetan, Euskal Herriko hainbat kolektibok Andoainen agerraldia egin dute gaur goizean, «arrazakeriarik gabe, feminismotik, sexu aniztasunean eta euskaraz» bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko.

Martin Ugalde Kultur Parkean egin dute agerraldia. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Martin Ugalde Kultur Parkean egin dute agerraldia. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Giza Eskubideen aldarrikapen unibertsala onartu zela 71 urte betetzen dira gaur, eta testuinguru honetan Bilgune Feministak, Harro plataformak, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak agerraldia egin dute, Andoainen, oraindik ere aldarrikapen honetako hainbat eskubide urratzen direla salatzeko. Adierazi dutenez, «ez dira dagozkien neurri egokiak hartzen eskubide hauek bermatzeko eta aurrerapenak eman badira ere, atzera pausoak edo babes gabe uzten gaituzten lege zaharkituen ondorioak noiznahi pairatzen ditugu».

Eragile hauen iritzirako, «saltzen diguten berdintasun hutsala urraketa horiek estaltzen saiatzen da. Baina jendarte honek ez ditu oraindik barneratu Pertsona Eskubide guztien errespetua eta bermatzea maila berdinean eta era integral batean». Ildo honetan, gogora ekarri dute pertsona guztiak sortzen direla libre, eta «jaiotzez» garela «berdinak duintasunean eta eskubideetan».

«Pertsona eskubideak denonak dira, eta eskubide horiek osagarriak, banaezinak eta elkarren mendeko direla adierazi nahi dugu», gaineratu dute Martin Ugalde Parkean egindako agerraldian.

Arrazakeriaren kontra

Esandakoa oinarri hartuta, kolektibo horiek zenbait aldarrikapen adierazi dituzte. Aipatu duten lehena, arrazakeriarik gabe bizi ahal izatea. «Dena delakoa gure jatorria, azalaren kolorea edo erlijioa, herri honetako parte gara», adierazi dute, eta gaineratu dute «Euskal Herri solidarioa eta errefuxiatu eta migranteen alde lan egingo duena» nahi dutela, eta bide horretan «arrazakeria gainditu eta pertsona guztiok herri honetan libre bizi ahal izateko eskubidearen aldeko neurriak» galdegin dituzte.

«Inor ilegala izango ez den Euskal Herri bat aldarrikatzen dugu, emakume migratzaileen injustiziei aurre egingo diena. Herri hau harrera herri bilakatu behar dugu eta horretarako arrazakerian oinarritutako ezberdintasunen aurkako neurriak behar ditugu», gaineratu dute.

Injustiziak, elkarloturik

Feminismotik bizitzeko eskubidea ere aldarrikatu dute aipatu taldeek. Haien aburuz, «inguruan sumatzen ditugun injustiziak elkarloturik ulertu behar ditugu: soldatapeko lan feminizatu prekarioa, ordaindu gabeko etxeko lanetan ematen ditugun jardunaldi amaigabeak, barne etxeko langileon egoera administratibo irregularra, botere guneetan dauden gizon burgesek bankaren interesak lehenesteak, naturaren desjabetzea, emakume, bollera eta transen aurkako biolentziak, epaitegietan erasotzaileak babestea eta emakume euskaldun bezala pairatzen ditugun zapalkuntzak».

«Gure jendartean bizitza batzuk beste batzuk baino balio handiagoa daukatela erakusten digute, pertsona batzuek besteek baino eskubide gehiago dituztela. Hierarkia horiekin amaitzea da helburua, eta saiakera horretan ari gara», azaldu dute.

Sexu orientazioa eta genero identitatea

Honekin batera, sexu aniztasuna ere aldarrikatu dute gaurko prentsaurrean. Izan ere, adierazi dutenez, «sexu orientazioa eta genero identitatea funtsezkoak dira pertsona ororen duintasunerako eta jendetasunerako, eta ez dira behin ere bereizkeria nahiz gehiegikerietarako aitzakia bihurtu behar».

«Sexu orientazio eta genero identitate guztietako pertsonak gainerako guztiek merezi duten duintasun eta errespetu berberaz bizi daitezen bermatzea eta pertsona hauek behar bezala gara daitezen bermatzeko egoki diren neurri guztiak hartu behar dira, talde edo pertsona horiek pertsona eskubideak besteen baldintza beretan izango dituztela ziurtatu ahal izateko», gaineratu dute, alde horretatik.

Euskaraz bizitzeko eskubidea

Eta, hizkuntz eskubideei helduta, euskaraz bizitzeko eskubidearen alde egin dute, ozen. Nabarmendu dutenez, «Euskal Herrian oraindik ez ditugu hizkuntza eskubideak behar bezala bermatuta». Eragile hauek gogoratu dute euskararen lurraldea «legeak ezarritako bost eremuren arabera banatua» dagoela, non bakoitzean estatus eta babes ezberdina duen.

«Euskal hiztunak –salatu dute– ez daude berdintasunean, ezin dute berdintasunez erabili beraien hizkuntza, ez administrazio publikoarekin harremanetan, ezta arlo sozioekonomikoan ere». Beren esanetan, «oztopoz gainezka» aurkitzen gara «gure herrian hizkuntza eskubideak egikaritzeko orduan». Horrekin batera, kritikatu dute euskarak ez duela gaztelania zein frantsesaren erabilerak duen lege babes berdina.

«Gure lurraldeetan euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatu nahi dugu, pertsona guztien euskara ikasi eta erabiltzeko eskubidearen aldeko neurriak eta beharrezko bultzatuz», adierazi dute.

Horiek hala, Bilgune Feministak, Harro plataformak, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak «gure aniztasunak zaintzeko, aniztasunaren kudeaketa egokia egitea» aldarrikatu dute. «Zeregin hau zaintza eta enpatiatik burutu beharko da, euskara harrera hizkuntza bilakatu, gutako bakoitzaren hizkuntza maila delakoa izanda ere, komunitate linguistiko eta kultural honen parte sentitu gaitezen», azaldu dute, eta, era berean, «aniztasunaren errespetuaren alde, hezkuntzan beharrezko neurriak» exijitu dituzte.

Erabaki politikoak hartzea

Bestalde, «guztiontzako euskalduntzeko baliabide publikoak, kalitatezkoak eta doakoak» eskatu dituzte, hots, «guztion bizi baldintzen berezitasunak aintzat hartu eta horietara egokitzeko erraztasunak eskainiko dituzten baliabideak».

Ondorio gisa, lau talde hauek aipatu dute «LGTBI kolektiboetako kideok, emakumeok, etorkinok eta guztiok euskaldun bezala pairatzen ditugun diskriminazioak auzi kolektibo eta politikoak» direla eta, beraz, horiekin bukatzeko «erabaki politikoak» hartzea eskatu dute.

«Guztion artean, ahalduntzea eta elkarren arteko enpatia eta kolektiboen artean zubiak eraikitzeak jendarte demokratiko eta aske baterako pausoak ekar» ditzakeela iritzita bukatu dute prentsaurrea.