Ruben PASCUAL

Ikasleen banaketaren desorekaren erantzule ez direla nabarmendu dute Arabar Errioxako ikastolek

Atzerritar jatorriko ikasleak jaso nahi omen ez dituztela argudiatuz Oiongo ikastolaren aurka abiatutako kanpainari erantzun argia eman nahi izan diote Arabar Errioxako ikastoletako eta Ikastolen Elkarteko kideek: «Ikasle horiek matrikulatzeko orduan dagoen desoreka handiaren erantzuleren bat izendatu behar bada, ez gaitzatela gu izendatu». Oinarrian Arabako Eskolatze batzordeak erabiltzen dituen «irizpide okerrak» daudela azpimarratu dute.

Arabar Errioxako ikastoletako eta Ikastolen Elkarteko kideak, Gasteizen egindako agerraldian. (IKASTOLEN ELKARTEA)
Arabar Errioxako ikastoletako eta Ikastolen Elkarteko kideak, Gasteizen egindako agerraldian. (IKASTOLEN ELKARTEA)

«Oionen sua piztu dute». Hitz horiekin mintzatu dira Arabar Errioxako ikastoletako eta Ikastolen Elkarteko kideak, Gasteizen egindako agerraldian, azken hilabeteotan eskualdean giroa gaiztotu duen egoeraren inguruan. 

«Ikastolaren aurkako kanpaina abiatu dute, ez omen ditugulako atzerritar jatorriko ikasleak hartzen eta, gianera, euren umeak etorri berriekin nahastu nahi ez dituzten gurasoen babesleku bilakatu omen garelako», azaldu dute, baina argi utzi nahi izan dute ez direla «probokazioan eroriko». «Ez gaituzte gure konbentzimenduetan eta gure lanean pauso bat atzera ematera behartuko», aldarrikatu dute. 

Ikastolengan fokua jarri nahi izan duten kritiken aurrean, argitu dute egungo argazkiak bestelako irudi bat erakusten duela, alde batetik, eta bestetik, matrikulazio epetik kanpo datozen ikasleen banaketaren ardura ez dagokiela beraiei. «Ikasle horiek matrikulatzeko orduan dagoen desoreka handiaren erantzuleren bat izendatu behar bada, ez gaitzatela gu izendatu», azpimarratu dute, eta egoera hau Arabako Eskolatze Batzordeak dituen «irizpide okorrek» eragin dutela gaineratu dute. 

Banaketa desorekatua

Izan ere, ikasle horietatik ia guztiak matrikulazio epetik kanpo iristen dira Euskal Herrira eta, hortaz, familiek ez dute erabakitzen non matrikulatu, herrialde bakoitzeko Eskolatze Batzordeei baitagokie hori. «Eta Arabako Eskolatze Batzordeak –azaldu dute– oso era desorekatuan egiten du egiteko hori eta, gainera, ikasle horietako asko A eta B ereduetara bideratzen ditu, Arabar Errioxan bereziki». 

Etorritakoei ateak ixteko xedearekin gelak topera betetzea leporatzen dietenen aurrean, zehaztu dute San Bizente ikastolan 53 leku libre dituztela, maila desberdinetan; Bastida ikastolan, 74; eta Assa ikastolan, 168. 

Hortaz, gogoratu dute «behin baino gehiagotan» agertu dutela dagokien proportzioan matrikulazio garaitik kanpo datozen ikasleak hartzeko prestutasuna: «Prest gaude, nahi eta behar ditugu, eta behartuta gaude hartzera». Horretarako «etxeko lanak» ere eginak dituzte: harrera planak eguneratuz, eta ikastola askotan lehendik zituzten beka sistemak gaurkotuz eta zentro guztietan ezarriz. 

«Irtenbidea posible da»

Hori guztia dela-eta, Oiongo, Arabar Errioxako eta Euskal Herriko hezkuntza komunitateari mezu bat helarazi nahi izan diote: «Desoreka honek eta beronek eragindako ondorioek irtenbidea badutela, eta posible dela irtenbidea ematea». 

Ildo horretan, guztion artean adostutako plan zehatz eta integral bat eratzeko beharra nabarmendu ondoren, hainbat proposamen planteatu dituzte ikastolek, horien artean hezkuntza eragile guztiek eskolatze batzordeetan parte hartzea eta egungo irizpideak aldatzea; eremu berdinetan dauden ikastetxeen arteko oreka eta baliabide berezien politika ezartzea; ikastetxearen hautaketari dagokionean, herritar guztien aukera berdintasuna eta ikastetxea hautatzeko eskubideak bermatzea; hizkuntza ereduak desagertzea eta zentro guztietan murgiltze eredua ezartzea, atzerritar jatorriko ikasleak euskaratik eta euskaraz integratzeko. Horri «ezinbestekoa» deritzote, bereziki «Araban eta zehazki Arabar Errioxan».