NAIZ
Donostia

Beste hilabete bateko greba hasiko dute ostegunean Gipuzkoako erresidentzietako langileek

Abenduaren 12tik urtarrilaren 11ra arte iragarri du ELAk hurrengo greba egutegia Gipuzkoako erresidentzietan. Beste hilabete batez geldialdiak egingo dituzte beraien zerbitzuan. Astearte honetan patronalarekin batu ziren sindikatuak eta ez zen aurrerapausorik sinatu. Aldundia ez zen bertaratu azken bilerara eta negoziazioa blokeatuta duela leporatzen diote.

Gipuzkoako erresidentzietako langileak Donostiako kaleetan mobilizatu dira. (ELA)
Gipuzkoako erresidentzietako langileak Donostiako kaleetan mobilizatu dira. (ELA)

Ostegun honetan abiatuko dute beste hilabete bateko greba Gipuzkoako erresidentzietako langileek. Hori baieztatu du ELAk Aldundiaren egoitzaren parean eskainitako prentsaurrekoan. Aurretik, sindikatu barneko asanblada bat egin dute eta asteartean erregistratutako deialdiarekin aurrera jarraitzea erabaki dute. Hala, abenduaren 12tik urtarrilaren 11ra arte greba egingo dute langileek.

Azken greba deialdiaren azken eguna zen asteazken honetakoa, guztira 149 greba egun burutu dituzte. Azaroaren 11n hasi zuten hilabete bateko greba. Irailaren erdialdetik urriaren erdialdera ere hilabete batez geratu ziren eta orduan greba mugagabearen aukeraz mintzatu ziren. Bada, orain, bat bukatu eta beste bat hastea erabaki du ELAk, sektorean gehiengo ordezkaritza duen sindikatuak.

Aldundiaren «blokeoa»

Asteartean patronalekin izandako bileraren ondotik erregistratu zuten greba deialdi hau, baina baieztatzeke zegoen. ELA, LAB, CCOO eta sektorean nagusi diren bi patronal (Adegi eta Matia) batu ziren Lan Harremanen Kontseiluan. Berez, lan gatazka honen hiru aldeak zeuden deituta baina Aldundia ez zen bertaratu. «ELArentzat bereziki larria da» jokaera hori. Aurrerapausorik gabe bukatu zen batzarra.

UGT ere ez zen joan bilerara. Sindikatu honek, azaroaren hasieran, akordio partzial bat sinatu zuen patronalekin. Honen harira, Gipuzkoako Aldundiak jakinarazi zuen asteartean bertan 5 milioi eurorekin finantzatuko dituela UGTren akordio hau aplikatzen duten zentroak. «Aldundiak dio ez duela bilerara joan behar ez delako negoziazioaren parte; baina era berean, akordio bat finantzatzen du UGTrekin gutxiengoan», ohartarazi du ELAk.

Sindikatuak desados agertu ziren UGTk sinaturiko hitzarmenak jasotzen dituen neurriekin. Zehaztu zutenez, ez da soldata igoerarik hartzen 2017 eta 2018. urteetan eta ELAren ustez honek «erosahalmena galtzea suposatzen du eta ez dugu bi urteko greba egin bidean dirua galtzea ekartzen duen akordio bat sinatzeko».

Akordioa blokeatuta mantentzea leporatu dio ELAk Aldundiari: «Sektorearen %90 finantzatzen du, eta enpresen etekinak handitzea diruz laguntzen du, lanaldi partzialeko kontratazioa eta sektoreko langileen soldata-arrakala betikotzearen kontura».