naiz

Buru osasuna, prostituzioa edo transexualitateari begira jarriko da Feministaldia datozen egunetan

‘Pilulak’ leloa oinarri, zaurgarritasunari begira jarriko da Feministaldia bihartik hasita eta larunbatera bitarte. Buru osasuna, prostituzioa edo transexualitatea bezalako hainbat gai landuko dira eta jaialdiari amaiera emateko festa antolatuko dute.

Feministaldiaren datozen egunetako egitaraua aurkeztu dute. (Andoni CANELLADA / FOKU)
Feministaldiaren datozen egunetako egitaraua aurkeztu dute. (Andoni CANELLADA / FOKU)

Abenduaren 12, 13 eta 14ean Kontadoresen egingo da Kultura Feministaren XIV. jaialdia. Plazandreokek beste urte batez Kultura Feministaren Jaialdia antolatuko du abenduko bigarren hamabostaldian. Aurten, ‘Pilulak’ lelopean hartuko du.

Gaurkoan aurkezpenean izan dira Plazandreok kolektiboko antolatzaile Juana Aranguren, Feministaldiako koordinatzaile Leire San Martin eta Josebe Iturrioz, Emakundeko zuzendari Izaskun Landaida, Donostiako Berdintasun zinegotzi Duñike Agirrezabalaga eta Tabakalerako kultura zuzendari Clara Montero.

Azaroaren 23an ekin zioten aurtengo edizioari. «Berezia izan da» azpimarratu San Martinek. Kultura feministari lotuta dauden ahots, sorkuntza eta diskurtsoen elkargune izan nahi du Feministaldiak, bereziki, «zaurgarritasuna, eromena eta desorekei begira jarrita». Horretarako, hainbat izango dira datozen egunetan egitarau oparoa beteko duten gonbidatuak.

Azken urteetan hartzaileak ohituta zeuden Tabakaleratik, Kontadores Gazte Zentrora mugituko da jaialdia. «Periferietara» itzultzeko apustua egin baitute. «Hasierako Feministaldiaren Artelekuko urte haiek gogoan, gogoa genuen hiriak eskaintzen dituen beste bazter batzuetara jotzeko», gehitu du Feministaldiako koordinatzaile Iturriozek.

Hala nabarmendu du Agirrezabalagak ere: «Donostia gazteriarentzat oso garrantzitsua da Feministaldia Kontadoresen izatea. Horrez gain, Kontadores zentroko langileek gai honen inguruan duten prestakuntza azpimarratu beharra dugu».

Hitzaldi, mahai-inguru, antzerki eta performance desberdinek osatuko dute egitaraua. Buru osasuna, prostituzioa edo transexualitatea bezalako hainbat gai landuko dira. Abenduaren 9a izan zen abiapuntu, hain zuzen Zauriak dokumentalarekin hasi baitziren, buruko gaitzak eta feminismoa uztartzen dituen ikus-entzunezkoarekin. ‘Buru osasuna eta feminismoak: zaurgarritasuna potentzial gisa’ mahai-ingurua izango dute larunbatean, Maria Zapata, Susanna Minguell eta Marta Plazarekin.

Egun berean, prostituzioa ere mintzagai izango dute ‘Prostituzioa: elkarrizketa eta etika feminista’ izeneko mahai inguruan, Sabrina Sanchez eta Tere Maldonadorekin.

‘Bitasunetik at, praktika artibistak’ mahai inguruak berriz, transexualitatea landuko du, Sam Fernandez eta Diego Marchanterekin. Horiez gain, Nancy Garin, Susana Talayero, Leire Aranberri, Ce Quimera, Urko Postop, Irene Arrarats, Iraitz Agirre, Marta Malo, Cul Kombat, Miren Gaztañana eta Iraia Eliasen lan eta ekarpenak izango dira.

Urtero bezala, Feministaldiak festa antolatu du jaialdiari amaiera emateko. Larunbatean Moganbo aretoan izango da 22:00etatik aurrera, besteak beste, Folkaraokea eta Sobria&Serena Djekin.