Nagore BELASTEGI

Dolores Redondoren azken liburua euskaratu du Danele Sarriugartek

Danele Sarriugartek abuztuan jaso zuen ‘El lado norte del corazón’ eleberria itzultzeko enkargua. Dolores Redondoren Baztango Trilogiaren prekuela da honakoa, irakurle berriak irakurtzeko xedea duena. Orain euskaraz ere irakurri ahalko dugu, ‘Bihotzaren ipar aldea’.

Eleberriaren egilea euskarazko bertsioa eskutan duela. (Jon URBE/ FOKU)
Eleberriaren egilea euskarazko bertsioa eskutan duela. (Jon URBE/ FOKU)

Urrian atera zuen Dolores Redondok Baztango Trilogia arrakastatsuaren prekuela den ‘La cara norte del corazón’ (Planeta), eta aurreko liburuak bezala, Ereinek euskaratu egin du ahal bezain laister. Danele Sarriugarte izan da ‘Bihotzaren ipar aldea’ itzultzearen arduraduna. Abuztuan egin zioten enkargua eta hiru hilabetetan buru belarri ibili ostean, Durangoko Azokarako prest izatea lortu zuten.

Amaia Salazar inspektorea dugu protagonista berriro, baina oraingoan 2005era egiten du salto istorioak bere iraganeko mamuak aurkeztuz. New Orleansen dago polizia ikastaro bat egiten, eta Katrina urakanak eragindako sarraskiaren erdian serieko hiltzaile bat agertuko da. Tartean jada ezagutzen ditugun pertsonaiak agertuko dira, batez ere protagonistaren aita eta ama, eta horiekin duen harreman zailaren hastapenaren berri izango dugu.

«Niretzat erronka handia izan da. Nire helburua irakurteko erraza egitea zen», aipatu du Sarriugartek aurkezpenean. FBI polizia gorpuak presentzia handia duenez istorioan, horren inguruko hizkera euskaraz erabiltzea berria izan da itzultzailearentzat eta hori «erregistro natural batean» islatzen saiatu da.

Liburu lodia da eta Sarriugarteren lana errazteko gomendio bat eman zioten: aldez aurretik gaztelerako bertsioa ez irakurtzea, eta zuzenean itzultzea. «Irakurle bat bezala joan naiz deskubritzen itzultzen nuen heinean», esan du.

Dolores Redondo itzultzaileak egindako lanarekin oso pozik agertu da, baita argitaletxearekin ere. «Hasieratik dudan konpromiso bat da nire nobelak ahalik eta laisterren euskarara, galegora eta katalanera itzuliak izatea», aitortu du.

Eleberriaren inguruan esan du euriak berriro presentzia handia duela istorioan, Baztango Trilogian bezala. Katrina urakana Estatu Batuetatik pasatu zenetik idatzi nahi zuen istorio bat zen hau, eta orain posiblea izan zaio bertara bidaiatzea eta New Orleans bertatik bertara ezagutzea. «Hurakan asko daude baina bertan gertatu zena haratago doa. Sekulako ahalmena duela harro esaten duen herrialdeak, ordu gutxitan ejerzitua munduaren beste aldera bidali dezakeen herrialdeak babesik gabe utzi zuen gizartearen parte bat. Armak dauden herrialde horretan erahilketak eta bortxaketak izan ziren. Arrazakeria eta klasismoa izan ziren arazoa», salatu du.

Giro horren erdigunean kokatu du Amaia Salazar, zeinak bere minean ezkutatu beharrean, min hori arma bezala erabiltzen ikasiko duen. «Gaizkiaren atzetik joateko prestatua dago, eta hori soilik ikasten du gaizkia aurrez aurre izan duenak», azpimarratu du.

Hala, Salazarrek «mendiaren ipar aldea eskalatu» egingo duela azaldu du Redondok. Eleberri honekin «iparra» ardatzean duten liburu sorta bat hasiko duela erabaki du; batzuetan Amaia Salazar bera izango da protagonista, baina ez beti. «Badaude agertu zaizkidan pertsonai batzuk eta horietan sakontzeko gogoarekin gelditu naiz, batzuetan horiek izango dira protagonistak», aurreratu du.

Izan ere, bere hurrengo eleberrian Salazar alde batera utziko du, baina ez «iparra». Gainera, iragarri du Baztango Trilogiatik aparte idatzi zuen ‘Todo esto te daré’ liburuaren pelikula egiteko proiektua martxan dagoela.