Naiz

Lorelei taldearen itzulera iragarri dute Asier Serranok eta Mikel Gorosabelek

Antxon Sarasua eta Loiola Madera musikariekin batera taldea osatu eta kontzertuak eskainiko dituzte 2020ko hasieran Andoainen, Eibarren, Zarautzen eta Lekeition Loreleiren arrakastak errepasatzeko asmoz.

Mikel Gorosabelek eta Asier Serranok Lorelei sortu zuten EH Sukarrako lankidetzari segida emateko asmoz. (Jon HERNAEZ/FOKU)
Mikel Gorosabelek eta Asier Serranok Lorelei sortu zuten EH Sukarrako lankidetzari segida emateko asmoz. (Jon HERNAEZ/FOKU)

Asier Serranok eta Mikel Gorosabelek Lorelei taldea bertan behera uztea erabaki zutenetik 20 urte pasa dira. ‘Bada hiri gorri bat’ (1997) eta ‘Tatuatu zenidan zerua’ (1999) disko arrakastatsuekin orduko musika eszena irauli zuten.

Orain bueltatzea erabaki dute datorren urte hasieran eskainiko duten kontzertu sorta batekin. Urtarrilaren 17an Andoaingo Bastero Kulturgunean izango dira, otsailaren 7an Eibarko Coliseo Antzokian, otsailaren 14an Zarauzko Modelo Aretoan eta martxoaren 24an Lekeitioko Ikusgarri Zineman.

Okasiorako Serrano eta Gorosabel Antxon Sarasua eta Loiola Madera musikariekin arituko dira beraien eskaintza pop-rock lirikoa errepasatzeko asmoarekin.

Gelditu gabe

Asier Serrano idazle eta kantariak eta Mikel Gorosabel musikariak 1990ko hamarkadan sortu zuten Lorelei taldea. EH Sukarra taldearen diskoetan hasitako lankidetzari segida eman zioten proiektu honekin. Serranoren ‘Bada hiri gorri  bat’ poema liburuan oinarritu ziren euren lehen diskoa kaleratzeko, eta bi urte geroago bigarrena etorri zen.

Gero taldea alde batera utzi bazuten ere, musika ez zuten guztiz baztertu. Izan ere, Serranok bakarlari moduan hainbat disko kaleratu ditu. Gainera, bere literatur ibilbideari eutsi dio eta 12 lan argitaratu ditu, horien artean ‘Linbotarrak’, 2017ko Euskado Literatura Saria jaso zuena.

Gorosabelek, berriz, 9 disko kaleratu ditu EH Sukarrarekin, 2 Norton Klubekin, eta 2017an ‘Barne basoan barna’ lana argitaratu zuen, bere diskorik intimistena.