Haritz LARRAÑAGA
BAIONA

Hildako bat eta 17.000 etxe argindarrik gabe Ipar Euskal Herrian denboralearen ondorioz

Gizon bat hil da Ilharren, Nafarroa Beherean, eta 17.000 etxe argindarrik gabe geratu dira Ipar Euskal Herrian denboralearen ondorioz.

Haizeak zuhaitz ugari bota ditu. Irudia Azkainekoa da. (Bob EDME)
Haizeak zuhaitz ugari bota ditu. Irudia Azkainekoa da. (Bob EDME)

Azken orduetako euri eta haizeteek ere eragin handia izan dute Ipar Euskal Herrian eta ondorio larriak utzi dituzte: 72 urteko gizon bat hil da Ilharren, Amikuzeko eskualdean, Donapaleuko kantonamenduan, autoan zihoala zuhaitz bat gainera erorita. D-134 errepidean gertatu da ezbeharra. Samuko kideek istripu gunean artatu dute zauritua, baina suhiltzaileen esanetan kolpe bortitz bat jaso du eta han bertan zendu da.

Pirinio Atlantikoetako Prefekturak ohar batean jakinarazi duenez, departamendu osoan 22.500 etxe argindarrik gabe geratu dira, horietatik 17.000 Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherean, eta 5.500 Biarnon. Zuhaitz eta adar ugari erori dira errepideetara eta horrek argindar sarean matxurak sortu ditu.

Uholdeak, errepideak moztuta eta kalteak

Argindarrik gabe geratu diren eremuen artean kaltetuenetako bat Lapurdi hegoaldea izan da. Biriatu, Urruña eta Ziburu argirik gabe geratu dira eta konponketa lanetan ari dira langileak. Txingudiko badian, gainera, arazoak sortu ditu haizeak. Hala, sei belaontzi askatu eta uharte aldera bultza ditu haizeak.

Eskualde askotan uholdeak izan dira. Nafarroa Beherean landak eta zelaiak urak estali ditu. Horrela, Bidaxune edo Donapaleuko inguruak urez estaliak dira, eta Ortzaize inguruan ere uholdeak izan dira, eta euriteen ondorioz, lur jausiak izan dira Bidarrain.

Donapaleuko Errekart kolegioak eta Lartzabaleko Erdozaintzi Etxart kolegioak ateak itxi dituzte eguraldi txarragatik.

Lapurdin, Kanbo beheko auzoa ere urpean da, Uztaritze eta Baiona artean ibaiak gainezka egin du zenbait lekutan eta errepidea itxi behar izan dute. Senperen, Urdazuri erreka gainez egiteko zorian da eremu batzuetan.

Bart gauean ere kalte handiak izan dira. Suhiltzaileek aditzera eman dutenez, Angelu, Uztaritze eta Kanbo izan ziren kaltetuenak, eta oraindik egunean zehar ekaitzak eragin ditzakeen kalteen aurrean, ahal bada autorik ez hartzeko gomendioa egin dute.

Alerta laranja egun osoan

Alerta laranjak egun osoan jarraituko du, baina bereziki itsasoari begira izango dira kostaldeko herriak, arratsaldeko bostetan izango baita itsasgora eta koefiziente handiko itsasgora izango denez olatu handiek kalteak eragin ditzakete hiri-altzari eta portuetan. Biarritzen, esaterako hondar zakuak ezarri dituzte Hondartza Handiko malekoian olatuen kolpeei aurre egiteko.

Prefekturak ohartarazi duenez, arratsalde bukaera arte euriteek jarraituko dute eta alerta laranja ezarri dute uholdeak izan daitezkeelako. Haizeak ere indartsu joko du, bai kostaldean baita barnealdean ere. Orduko 120 kilometro arteko haize ufadak espero dira.